'Ondarroako Barra eta Dantza Kalean emanaldia' eskainiko du Dantzarte Elkarteak, zapatuan
Hemezortzigarrenez eskainiko du zapatuan [apirilak 25] Dantzarte Elkarteak 'Ondarroako barra eta dantza kalean' emanaldia.
Dantzaren Nazioarteko Egunaren [apirilak 29] harira, Ondarroako Dantzarte Elkarteak hemezortzigarrenez eskainiko du Ondarroako Barra eta Dantza Kalean emanaldia.
Ondarroa, Mutriku, Berriatua, Markina-Xemein, Aulesti eta Lekeitioko 62 dantzari batuko dira zapatuan barra erakustaldian: “Dantza klaseetako orduetan egiten duten lana erakutsiko diote ikusleei”. Hala, 11:30etik 12:00etara bitartean barra txikiaren erakustaldia egingo dute zazpi urtetik hamar urtera bitarteko umeek; 12:00etatik 12:30era hamaika urtetik hamahirura artekoen txanda izango da, eta barra ertainaren erakustaldia egingo dute; eta azkenik, 12:30etik 13:00etara barra handiaren erakustaldia egingo dute dantzari nagusiek. Barra erakustaldi guztiak hondartzako zubiaren alboan dagoen erreka ondoko barandan egingo dituzte. “Balleteko ariketak barandan egiteko ideia Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkartearena da. Izan ere, beraiek hasi ziren Donostiako Kontxako barandan egiten, eta gaur egun, hainbat hiri eta herritan egiten da”.
Ondoren, koreografia ezberdinak eskainiko dituzte Alamedan, 13:15ean, gutxi gorabahera. Kaleko dantzetan 162 dantzari batuko dira, eta guztira, hamazazpi koreografia eskainiko dituzte. “Betidanik izan du harrera ona emanaldiak, iaz, adibidez, Alameda guztia jendez bete zen”.