'Txapeldunak' antzezlana Aulestira helduko da
Maren Basterretxeak eta Uxue Alkortak 'Txapeldunak' umeentzako bertso antzerkia eskainiko dute bihar [apirilak 24] Aulestiko Udal Areto Nagusian.
Maren Basterretxea eta Uxue Alkorta. Lanku. Umeei zuzendutako Txapeldunak antzezlana hartuko du bihar [apirilak 24] Aulestiko Udal Areto Nagusiak, 18:30ean. Iraitz Lizarragak idatzi eta zuzendu duen lanak antzerkia eta bertsolaritza uztartzen ditu, inprobisazioan oinarritutako proposamen dinamikoa eskainiz.
Lehiaren ideia ardatz hartuta, bertso jarri batzuetatik sortu du Lizarragak antzezlana; izan ere, antzezlanaren muinean, lehiaren kontzeptuari buruzko gogoeta dago: “Etorkizuneko gizarte solidarioagoa eta konprometituagoa eraikitzeko nahia lantzen da, indibidualismotik kolektibora jauzia eginez: irabazi-galdu, ona-txarra, lehia-jolasa, erori-altxa, norbera-bestea, laguntasuna, taldea, bestearekiko errespetua, zaintza…”.
Uxue Alkorta bertsolaria eta Maren Basterretxea antzezlea igoko dira oholtzara: “Antzezlan bat entseatzeko geldituko dira Uxue eta Maren. Errealitatean bezala, antzezlanean ere bata bertsolaria da, eta bestea antzezlea. Uxue, zurrunagoa da, eta Marenek jolasteko gogo handia dauka”. Beraz, bi protagonistek lehiari buruz hausnartuko dute, jolasean, “bertsoa, koplak eta beste hainbat baliabide eszeniko tartekatuz”.