Zabalik dago HAZILAN+ programan izena emateko epea
Debabarreneko udalek eta Debegesak HAZILAN+ proiektua jarri dute martxan, lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea errazteko helburuarekin.
Kualifikazio maila ertaina edo altua duten langabetuen laneratzea sustatzeko, Debabarreneko udalek eta Debegesak, Garapenekin lankidetzan, HAZILAN+ programa jarri dute martxan: “Lan merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea errazteko programa da”.
Horretarako, HAZILAN+ programak orientazio pertsonalizatua, zeharkako eta gaitasun teknikoen garapena, eta enpresetako praktikak uztartzen dituen ibilbide osoa eskaintzen duela azaldu du Mutrikuko Udalak: “Programa bereziki zuzenduta dago lan esperientziarik gabeko gazteei eta hainbat arrazoirengatik langabezian dauden helduei. Halaber, lehentasuna emango zaie zaintza eta etxeko lanetan aritu ondoren lan merkatura itzuli nahi duten emakumeei, izan ere, kolektibo horrek zailtasun handiagoak izaten ditu enplegua eskuratzeko”.
Azaldu dutenez, programan parte hartu ahal izateko “beharrezkoa” izango da langabezian egotea eta erdi mailako, goi mailako edo unibertsitateko titulazioa izatea, baita ere, Debabarreneko udalerriren baten erroldatuta egotea.
Kualifikazioa duten langabetuen laneratzea helburu izateaz gain, parte hartzaileen gaitasunak euskal enpresen beharretara egokitzea ere bada beste helburuetako bat, “bi aldeentzat onuragarria izango den lotura sortuz, eta eskualdeko ehun ekonomikoa indartuz”. Horretarako, Debegesa izango da HAZILAN+ programaren kudeatzailea, eta zehaztu dutenez, izen ematea apirilaren 30era arte dago zabalik agentziaren webgunean.
Bi ibilbide. Programak bi ibilbide eskaintzen ditu: Osatu eta Lorpen. Osatu ibilbideak, taldeko tailerren bidez, lan merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonal zein profesionalak garatzea du helburu. Maiatzetik ekainera bitarteko ibilbidea izango da, eta gero, parte hartzaileek enpresetako praktikekin osatuko dute prestakuntza fasea.
Lorpen ibilbidea banakakoa da, eta laneratze zuzenera bideratuta dago. “Dagoeneko gaitasunak dituzten pertsonei edo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo egon eta itzultzea pentsatzen ari direnei zuzenduta dago”.
1.400 pertsona baino gehiago. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamasei garapen agentzien bidez garatuko da HAZILAN+ programa: “1.400 pertsona baino gehiagori mesede egitea aurreikusten da, enpresek eskatzen dituzten gaitasunak eskuratuz eta benetako lan esperientziak lortuz”. Debabarrena eskualdean %40 kofinantzen du Europako Gizarte Funtsak, eta %60 eskualdeko udalek.