35 urtetan, 48 orduz 'On air'
35. urteurrena ospatzeko, Ondarroako Radixu Irratiak ohiko ekimena abiaraziko du gaur: 48 orduko etenik gabeko irratsaioa. Aurten, guztira 21 irratsaio igorriko dira: zortzi irratsaio lehengoak izango dira, hamar gaur egungoak, bat berria eta bi bereziak.
'Erozemat' irratsaioa.Josebe Azpiri. Ondarroako Radixu Irratiak 35 urte bete ditu aurten, eta ospakizunaren baitan, urtero bezala, 48 orduko etenik gabeko irratsaioa egingo dute gaurtik etzira bitartean: 105.5 FM frekuentzian edo Internet bidez entzun ahalko da.
Hasierako urteetan Radixu Irratiak bere buruari jarritako erronka gisa sortu zen 48 orduko etenik gabeko irratsaioa egiteko ideia. Gaur egun ere, hogeita hamabost urte beranduago, bizirik jarraitzen du ekimenak, irratiaren izaera kolektiboa agerian utziz eta herrian daukan balioa islatuz. “Radixu Irratia sortu zenetik egiten dugu 48 orduko etenik gabeko irratsaioa. Erronka bezala jarri zion bere buruari irratiak: baliabide falten aurrean, isilik ez gelditzea”, azaldu du Iban Rekalde Radixu Irratiko kideak. Izan ere, garai hartan ezinezkoa zen emisio jarraitua bermatzea, ez baitzegoen horretarako tresneriarik; horregatik, irratsaioak kateatuz lortu nahi izan zuten etengabeko presentzia. Denborarekin, ordea, ekimenak bestelako dimentsioa hartu du, eta urteroko hitzordu bihurtu da ondarrutarrentzat: “Ikusi genuen giro polita sortzen zuela, eta urtero egiten hasi ginen. Urte batzuetan egin ditugu ordu gehiagoko irratsaioak ere”.
Aurten, denetara, 21 irratsaio izango dira, batzuk berriak eta beste batzuk lehengo grabazioak berreskuratuta. Antolaketa “modu xume baina eraginkorrean” egiten dutela dio Rekaldek: aurreko urteetako parte hartzaileei deitu, interesdunekin hitz egin, eta pixkanaka egitaraua osatu.
Iban Rekalde: Ikusi genuen giro polita sortzen zuela, eta urtero egiten hasi ginen. Urte batzuetan egin ditugu ordu gehiagoko irratsaioak ere.
21 irratsaio. Radixu Irratia sortu zenetik 48 orduko irratsaioan 20 irratsaiotik 30 bitartean egon direla aipatu du Rekaldek; urte batzuetan besteetan baino gehiago. Azken urteetan sorreran baino irratsaio gutxiagok parte hartzen duten arren, kopurua ez da sekula 20tik jaitsi. Aurtengo 21en artean dago Josebe Azpirik Leire Egiguren eta Igor Urrestigaz egiten duen Erozemat irratsaioa. Bidaiak dira Erozemat-en ardatz nagusiak; bidaiak modu oso zabalean ulertuta: bizipenak, istorioak edota pertsonen esperientziak.
Duela hamahiru urte inguru sortu zuten saioa, eta, etenaldi baten ondoren, berreskuratu egin dute. Hala ere, Azpirik azpimarratu du etenaldia egin duten urteetan ere urtero parte hartu dutela 48 orduko emisioan. “Irratian sartu, bidaia entzun, eta beragaz batera bidaiatzen duzu”, azaldu du Azpirik. Saioaren xarma sinpletasunean eta naturaltasunean datzala dio ondarrutarrak: gonbidatuak etorri, bere istorioa kontatu, eta entzuleak munduko beste toki batera eraman. “Jendea gonbidatu eta galderak egiten gozatu: hori da egiten dugun bakarra”. Erozemat irratsaioa sortu baino lehenago, Kantuk eta kontuk izeneko programa zeukaten Azpirik eta Egigurenek. Bertan, liburuen pasarteak hartu, eta istorioak asmatzen zituzten, gonbidatu eta guzti. “Lan handia eskatzen zuen asteroko programa prestatzeak. Behin, Igor Urresti bere bidaietako bat kontatzen zebilela, bururatu zitzaigun bidaiei buruzko irratsaioa egitea. Hala ere, denbora gehiago daukagunean gustatuko litzaiguke magazin bezalako zerbait egitea, pandemia garaian Uhinen txertoa izan genuen bezala”.
Josebe Azpiri: Irratian sartu, bidaia entzun, eta beragaz batera bidaiatzen duzu
Beti izan dute lekua 48 orduetan eta, aurten, amaierako tartea hartuko dute, asteroko irratsaioko ordutegi berean, irratsaio maratoiari nolabaiteko azken ukitua emateko: “Gustatzen zaigu azkenak izatea, 48 ordutan zehar bidaiatzeko eta amaiera borobila emateko”.
Lehengotik gaurkora. Azpiri bezala, Andoni Idiakez ere duela urte asko hasi zen Radixun, eta irratiaren lehengo garaia hurbiletik ezagutzen ditu, 90eko hamarkadatik gaur egunera arteko bilakaeraren testigu baita. Bere lehen urratsak lagunartean eman zituen, Ostia blanki irratsaioarekin, baina ibilbidearen zatirik handiena Hilbera saioagaz lotuta egon dela azaldu du: “1995 aldera, lagun batzuekin hasi nintzen irratsaioa egiten. Gaztetxearen desalojoa egon zenean, gaztetxeko kideak sartu ziren barrura, eta barrutik kanporako zein kanpotik barrurako komunikazioa izateko programa egin genuen”. Testuinguru hartan, irratiak zubi lana egin zuen, barruan zeudenek herrian gertatzen zena jakin zezaten, eta alderantziz, herriak ere barruko egoeraren berri izan zezan. Idiakezen iritziz, esperientzia horrek agerian utzi zuen Radixuren ahalmena, komunikazio tresna izateaz harago, komunitatea lotzeko, informazioa partekatzeko eta herritarren ahotsari lekua egiteko tresna zen, “baliabide gutxi batzuekin”.
Andoni Idiakez: Aurten heavy metalaren historian erreferente izan den Ozzy Osbourneri eskainiko diot saioa.
Ondoren etorri zen Hilbera irratsaioa, non musika —bereziki rocka eta heavy metala— izan diren epizentro. 2010 inguruan utzi zion asteroko irratsaioa egiteari, baina 48 orduko etenik gabeko emisioan urtero parte hartzen du: “Aurten heavy metalaren historian erreferente izan den Ozzy Osbourneri eskainiko diot saioa, bere ibilbidea errepasatuz; rock munduan hil diren artistei omenaldi txiki bat ere egingo diet”.

‘Hilbera’ irratsaioa.Andoni Idiakez.
Herriaren bozgorailu. Azpiazuk, Rekaldek eta Idiakezek bat egiten dute Radixuk Ondarroari egiten dion ekarpenari buruz hitz egitean: “Autogestioz sortuta, ibili dabilen irrati librea da, non adierazpen askatasunak sekulako garrantzia duen”.
Josebe Azpirik Radixu Irratiaren garrantzia jarri du mahaigainean: “Herritik sortu dena, herriarentzat. Ez da soilik komunikabide bat: askatasunez jarduteko aukera ematen du, inolako interes komertzialik gabe”. Bestalde, Idiakezek gogorarazi du urte luzez gazte askorentzako “ezinbesteko plataforma” izan dela: “Gure ideiak zabaltzeko tresna”. Gaur egun ere, potentzial bera duela dio Idiakezek, nahiz eta garaiak aldatu diren.
Beraz, erronka nagusia belaunaldi berriek lekukoaren txandapasa hartzea da, “parte hartzea berriro handitu, uhinek bizirik jarraitzeko”. Horregatik, sorreraz geroztik 35 urte igaro ondoren ere, Radixu Irratiak hasierako zentzua izaten jarraitzen du: “Herri oso bati ahotsa ematen dion espazio libre eta kolektiboa da irratia; 48 orduko etenik gabeko irratsaioa, urtez urte, horren erakusle edo isla bihurtu ohi da”.
Autogestioz sortuta, ibili dabilen irrati librea da, non adierazpen askatasunak sekulako garrantzia duen
EGITARAUA
Gaur, barikua
- 20:00-22:00: Terranobako salau.
- 22:00-00:00: Gorantzixak Arriolai.
Bihar, zapatua
- 00:00-02:00: 9 Milimetro.
- 02:00-04:00: One drop session.
- 04:00-07:00: Autobus gratis al Sanatorio.
- 07:00-09:00: Leartigol.
- 09:00-12:00: Radixu Remember.
- 12:00-14:00: Naranja Azule.
- 14:00-17:00: Ying Yang.
- 17:00-19:30: Time to Roots.
- 19:30-22:00: DJ Porruren hortua.
- 22:00-00:00: Toleta apurtu!
Etzi, domeka
- 00:00-02:00: Atzanak ati itxi!
- 02:00-04:00: Makondo.
- 04:00-09:00: Azken Mohikanoak.
- 09:00-12:00: Hilbera + SDR.
- 12:00-14:00: Irratsaio berezixe: Irratigintza Euskal Herrian elkarrizketa. Gonbidatuak: Zarauzko Arraio irrati libreko Iraitz eta Berria-ko zutabegile eta EHUko irakasle Arantza Gutierrez.
- 14:00-16:00: Binilo artin galdute.
- 16:00-18:00: Boga Ta Zixe.
- 18:00-20:00: Erozemat.