Itzulia Women lasterketa eskualdetik igaroko da
Emakumezkoen Euskal Herriko txirrindulari lasterketarik entzutetsuena Lea-Artibaitik pasatuko da, maiatzaren 16an.
Maiatzaren 15etik 17ra bitartean lehiatuko dute V. Itzulia Women, emakumezkoen Euskal Herriko lasterketa nagusia, eta beste behin Lea-Artibaitik igaroko da. Antolakuntzak mendatez eta koskaz jositako hiru etapa antolatu ditu aurtengo ekitaldirako, Zarautz eta Donostia lotuko dituena. Lehen etapa Zarautzen hasi eta amaituko da; hirugarrena, aldiz, Donostian. Bigarrenean iritsiko da eskualdera Itzulia Women. Guztira, 372,4 kilometro egingo ditu tropelak, eta hamalau mendate puntuagarri igoko.
Etapa hori Abadiño eta Zornotza artekoa izango da, eta 138 kilometroko ibilbidea bete behako dute ziklistek, 2.560 metroko desnibel metatuagaz. Txirrindulariek Trabakua igoko dute lehenik eta, Markina-Xemeindik igarota, Milloira joko dute; handik, Lekeitiora. Ispaster eta Ea atzen lagata, Natxitua igoko dute ondoren, eta Gautegiz Arteagatik Gernika-Lumora joko dute, Bermeorako bidea hartu orduko. San Pelaio mendatea igo ostean, Bakiotik Meñakara joko dute, eta ostean Aretxabalgane igoko dute, Larrabetzuko aldetik; azken zatiak Zugastietatik igoko duten Autzaganeko mendatea hartuko du, Zornotzarainoko azken jaitsiera orduko.
Demi Wollering nederlandarra izan zen iazko ekitaldiko garailea, eta podiumean lagun izan zituen, hurrenez hurren, Mischa Bredewold eta herbeheretarra eta Sarah Van Dam kanadiarra. Gaur-gaurkoz, antolatzaileek ez dute publiko egin aurtengo parte hartzaileek zerrenda ofizialik; hori bai, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa euskal taldea partaideen artean egongo da.