Lea-artibaiko sei alkatek Lekeitioko aparkalekuaren epaiak sortutako kalteak salatu dituzte
Mendexa, Amoroto, Ispaster, Ea, Aulesti eta Gizaburuagako ordezkariek irtenbide bateratua eskatu dute urte osoan oinarrizko zerbitzuetara sarbidea bermatzeko.
Mendexa, Amoroto, Ispaster, Ea, Aulesti eta Gizaburuagako udalek publikoki adierazi dute kezka Lekeition udan aparkatzeko baldintzei buruz Euskadiko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren ondorioz. Ebazpen horrek ezinezko egiten du herri horietako bizilagunek aurreko urteetan bezala aparkatzea.
Agiri bateratua sinatu dute Mari Jose Uriarte Mendexako alkateak, Asier Arrizabalaga Amorotoko alkateak, Garbiñe Saenz Ispasterko alkateak, Francisco Javier Ziloniz Eako alkateak, Irati Urberuaga Aulestiko alkateak eta Amaia Zabala Gizaburuagako alkateak. Haien esanetan, epaiak ez du kontuan hartu eskualdeko herri txikien eguneroko errealitatea.
Udal ordezkariek gogorarazi dute oinarrizko zerbitzu asko Lekeition zentralizatuta daudela eta sei udalerri horietako biztanle askok bertara jo behar izaten dutela sarri. Osasun arloan, adierazi dute udalerri batzuetan aste askotan familia-medikurik ez dagoela udan, eta herritarrek Lekeitiora jo behar dutela kontsultetara. Gainera, pediatria, haurdunaldi eta erditze osteko jarraipena edo odol analisiak bezalako zerbitzuak urte osoan egiten dira bertan.
Hezkuntzari dagokionez, Mendexak eta Gizaburuagak ez daukate eskolarik herrian, eta bertako umeek Lekeitioko ikastetxeetan ikasten dute. Horrez gain, Amoroto eta Ispasterko gazte askok ere Lekeitiora joaten dira 12 urtetik aurrera DBH ikasketak egitera.
Alkateek nabarmendu dute, halaber, udalerri batzuetan ez dagoela janari dendarik, banku zerbitzurik edo bestelako merkataritzarik, eta horrek Lekeitiora joatera behartzen dituela herritarrak erosketak, kudeaketak edo bestelako zerbitzuak egiteko. Era berean, ume eta gazte askok bertan parte hartzen dute eskola kirolean eta talde federatuetan.
Mugikortasunari dagokionez, egungo garraio publiko zerbitzuak, Bizkaibus eta auzotaxiak kasu, ez direla nahikoak uste dute, ez baitituzte eguneroko behar guztiak asetzen. Horregatik, ibilgailu pribatua ezinbesteko tresna dela defendatu dute oinarrizko zerbitzuetara iristeko.
Udal ordezkariek azaldu dute 2024an, Lekeitiok udako aparkaleku sistema berria iragarri zuenean, bilera egin zutela Lekeitioko Udalarekin irtenbide bateratua bilatzeko. Elkarlan horren ondorioz, azken bi udatan indarrean egon den hitzarmena lortu zen, eta sei herri horietako bizilagunek egoiliarren antzeko baldintzetan aparkatzeko aukera izan dute.
Sinatzaileen arabera, akordio horrek denei egiten zien mesede; izan ere, sei udalerriotan 3.000 biztanle inguru bizi dira eta urte osoan joaten dira Lekeitiora osasun kontsultetara, erosketak egitera, kirol eta kultura jardueretan parte hartzera edo eguneroko tramiteak egitera.
Haien ustez, epaiak diskriminatzailetzat jo du egoera berezi bati emandako erantzuna, baina ez ditu baloratu alboko herri txiki hauen benetako premiak. Horregatik, tratamendu berezia eskatu dute, oinarrizko zerbitzuak eta bizi kalitatea bermatzeko.
Kritikak kritik, sei udalek eskerrak eman nahi izan dizkiote Lekeitioko Udalari azken bi urteetan erakutsitako jarreragatik eta elkarlanerako borondateagatik. Era berean, etorkizunean ere elkarrekin lanean jarraitzeko prest daudela adierazi dute, egoera berriari irtenbidea bilatzeko.