Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasleek azoka solidarioa egin dute
Gaur [apirilak 24] egindako azoka solidarioan lortutako dirua Yaalah Elkarteari emango diote Zubi Zahar Herri Ikastolako seigarren mailako ikasleek.
Zubi Zahar Herri Ikastolako seigarren mailako ikasleek azoka solidarioa egin dute gaur [apirilak 24] Ondarroako Alamedan. 10:30ean ireki dituzte azokako ateak, dantza eta bertsoak uztarturik egindako ekitaldiagaz. Bertan zehaztu dute azokan bildutako dirua Yaalah Elkarteari emango diotela, “jasotako diruagaz Yaalah Elkarteak ur edangarria gordetzeko deposituak erosiko ditu”.
Bizi baldintzen inguruko lanketa egin ostean, goizeko azokagaz eman diote amaiera proiektuari: “Proiektu honetan besteen larruan jartzen ikasi dugu eta arrazoi ezberdinengatik, hainbat pertsonak bizi dituzten egoera ahulak gureak balira bezala sentitzeko balio izan digu”. Izan ere, ikasleek Euskal Herria beste herrialde batzuekin alderatu dute; besteak beste, Senegal, eta bakoitzeko bizi baldintzak aztertu dituzte: “Ikasi dugu herri berean ez garela guztiok berdin bizi, eta besteen bizitza hobetzeko zerbait egin dezakegula frogatu ahi dugu. Ezinbestekoa da guztion inplikazioa, eta denona da arazoa; beraz, denok izan behar dugu arazo horren konponbidearen protagonistak”.
Yaalah Elkarteari laguntzeko helburuagaz egin dute gaurko azoka solidarioa: “Izugarria iruditu zaigu elkarte honek egiten duen lana”.