'Argia eta indarra Kubarentzat' kanpaina aurkeztu dute Ziortza-Bolibarren
Lea-Artibaiko herri eragileengana hurbiltzea dute helburu, eta kanpainaren baitan, Kubako ospital batean eguzki plaka instalazio bat jartzeko diru bilketa egingo dute.
Simon Bolivar museoan batu ziren aurkezpena egiteko.Ziortza-Bolibarko Udala ‘Argia eta indarra Kubarentzat’ kanpainaren aurkezpena egin zuten joan den zapatuan [apirilak 25] Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar museoan. Udalak eta museoak deituta, Lea-Artibaiko herri eragileei zuzendutako aurkezpena izan zen.
Endika Guarrotxena Euskadi-Kuba elkarteko kidea eta Dana Moya euskaldun kubatarrak izan zuten berbaldian hitza hartzeko ardura. Kubaren egoeraren berri eman zuten bilkuran: Kubatar herria “muturreko egoera” bat jasaten ari dela entzun zuten bertaratu zirenek. Ospitaletan eta eskoletan argirik gabe daudela aderazi zuten, baita gasolina faltagatik, mugikortasuna erabat murriztua dagoela ere.
Euskal Herritik, egoera hori hobetzen laguntzeko egindako ekimenei buruz ere aritu ziren. Bide honetatik jarraitzeko, museoan batutako eragileek “kolektiboki hau indartzea eta elkarteetara informazioa eramateko konpromisoa” hartu zuten. Honi lotuta, zapatuko kanpaina honen baitan, ospital batean eguzki plaka instalazio bat jartzeko diru bilketa egingo dute. Beraz, herri eragileei informazioa hedatzeaz gain, kontu korronte bat zabalduko dute, laguntza jaso ahal izateko.
Honako elkarte hauek batu ziren zapatuan:
- Bolibarko Kanpape jubilatuen Elkartea
- Bolintxu EBK Energia Berriztagarrien Komunitatea
- Leargi EBK Lea Ibarrako Energia Berriztagarrien Komunitatea
- Bolibarko Aranbaltz kultur elkartea
- Markina-Xemeingo EH Bildu
- Lekeitioko EH Bildu
- Ispasterko EH Bildu
- Etxebarriko Ezker Abertzalea
- Ziortza-Bolibarko EH Bildu
- Babesa eman zuen Markina-Xemeingo Amaiur elkartea