XIV. Lea-Artibai Rallye errepideak "dardarka" jartzera dator
Irteera ekitaldia barikuan [maiatzak 1] izango da, eta zapatuan [maiatzak 2] 67 auto lehiatuko dira Lea-Artibaiko errepideetan. 257,86 kilometroko ibilbide totala izango dute aurretik, eta horietatik 95,26 kilometro erlojuaren aurka lehiatuko dituzte.
Ixua hotelean egin zuten asteburuko txapelketako aurkezpena.Kastinparro Racing XIV. Lea-Artibai Rallyek motorren soinua eta abiadura ikuskizuna ekarriko ditu eskualdera beste urte batez. Ixua hotelean egin zuten aurtengo lasterketaren aurkezpena, eta bertan zehaztu zituzten ibilbidearen, sarien eta segurtasun neurrien nondik norakoak. Barikuan [maiatzak 1] irteera ekitaldia egin ostean, zapatuan [maiatzak 2] izango dute rallyek indarrak neurtzeko eguna.
Kastinparro Racing taldeak izan du, aurten ere, aurtengo lasterketa antolatzeko ardura. “Poz eta ilusio handiz” batu direla adierazi dute antolatzaileek, beste urte batez, “automobilismoaren kultura eta zaletasuna bizirik” mantentzeko helburua duen ekitaldia antolatzeko. Antolatzaileek “formatu trinko eta hurbilago baten aldeko apustua” egin dute aurten, hori dela eta, aurtengo rallya “egun bateko erronka” izango dela adierazi dute. Hala, egun bakarreko formatura itzultzea erabaki dute. Motorren zaleei argi utzi nahi izan die “merezi duten mailako ikuskizuna” eskainiko diela, eta intentsitate handiko eguna izango dela, “pasio handienarekin diseinatua”.
Irteera ekitaldia. Zapatuan motorrak berotu baino lehen, irteera ekitaldia prestatu dute barikurako. Markina-Xemeinen 19:00etan hitzordua dute zaleek, bertan izango baita rallyen ataria. Motor hotsen zaleek “autoak eta taldeak hurbiletik ikusteko” aukera izango dute, eta hurrengo eguneko lehiaren aurreko giro bereziak dakarrenaz gozatzeko aukera izango da: “Podiumetik igarotzean emango zaio hasiera ofiziala XIV. lasterketa honi”.
Zapatuan, dena jokoan. Eskualdeko errepideak “dardarka” jarriko dituzte zapatuan. Pilotuek 257,86 kilometroko ibilbide totala izango dute aurretik, eta horietatik 95,26 kilometro erlojuaren aurka lehiatuko dituzte: “Guztira, 8 tramo (TC 1-3, TC 2-4, TC 5-7, TC 6-8) kronometratu izango dira eguneko jardunaldi bizian banatuta”. 09:00etan hasiko den goizeko saioak itsasertzeko paisaiak izango ditu, izan ere, Berriatutik Lekeitiora egingo dure bidea, Mendexatik pasata (TC 1-3, 09:00etan eta 11:35ean). Jarraian, Gizaburuaga eta Ispaster batzen dituzten errepideak igaroko dituzte rallyek, pilotuen trebetasunak agerian utziko dituen bide korapilatsua eginez (TC 2-4 09:35ean eta 12:10ean). Arratsaldeko saioan, Markina-Xemeindik hasten den ibilbideak Aulesti eta Munitibar zeharkatuko ditu Ziortza-Bolibarrera heldu baino lehen (TC 5-7 15:40ean eta 18:08ean). Azken tramoa, Arrate eta Etxebarria arteako ibilbidea izango da (TC 6-8), jaitsiera azkarrak eta bortitzak dituena eta “ikusleen adrenalina igoko duena”.
67 autoren motorren hotsak entzungo dira asteburuan. Aurten ere, eskualdeko hainbat pilotu batuko ditu lasterketak, eta hauen artean, Garikoitz Lopez, Gorka Antxustegi, Aitor Saizar edo Mikel Gandiaga arituko dira norgehiagoka. Antolakuntza pozik agertu da parte-hartzaileen datuekin, azken urteetan eskualdetik kanpoko pilotuak erakartzea ere lortu baitute. Urtero legez, asistentzia gunea Etxebarriko Galartza industrialgunean egongo da, “parte hartzaileek euren ibilgailuetan beharrezko konponketak eta doikuntzak” bertan egin ahal izateko.
Zaleen sena neurtuz. Iazko eredua jarraituz eta zaleen parte-hartzea sustatzatzeari begira, antolakuntzak kiniela bat antolatu du. Zale bakoitzak bere lehen hiru sailkatuak aukeratuko ditu, eta lehen, bigarren eta hirugarren postuak asmatu beharko ditu. Kiniela egiteko aukera parte-hartzaileen zerrenda ofiziala argitaratzen denean zabalduko da, Markina-Xemeingo Opela eta Eder tabernetan.