Gune irekia eta bere komunitatearekin konektatua
Ondarroako eguneko zentrora doanak berehala ikusiko du ez dela leku itxia. Alderantziz: mugimenduan dagoen espazioa da, jendea sartu-irtenean dabilena, herriarekin zuzenean konektatzen duten jarduerekin eta sakoneko ideia argi batekin: Ondarroako bizitzaren parte izaten jarraitzea.
Hirigunean bertan dago, eta IMQ Igurcok kudeatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren sarearen barruan. «Guretzat garrantzitsua da pertsonak bere inguruarekiko, bere jendearekiko, betidanik bere bizitza izan denarekiko lotura hori ez galtzea», azaldu du Elias Iriondo zentroaren koordinatzaileak.
Lotura hori, neurri handi batean, udalerriko beste kolektibo batzuekin partekatutako jardueren bidez eraikitzen da, hala nola, Zaldupe Ikastetxearekin eta Zubi Zahar Herri ikastolarekin. Hilero, belaunaldien arteko topaketak egiten dira ikastetxe horietako ikasleekin. Era horretara, gazteek eta erabiltzaileek denbora, elkarrizketak eta dinamikak partekatzen dituzte, eta zentrotik adierazi dutenez, «hortik guztitik beti gelditzen zaie zerbait bi aldeei».
Beste zenbaitetan zentroa zuzenean herriari irekitzen zaio. Gaztainerre Jaia da horren adibide. Joan den udazkenean, jai horrek Gorabideko kideak eta bizilagunak bildu zituen gertutasun giroan. Formaltasunetatik aldenduta, momentu bereziak sortu ohi dira ekimen horren eskutik. Ildo berean kokatzen dira ‘Bakardade ikusezina’ hitzaldiak, herriko ikasleei zuzenduak, edo Nagusilanen musika emanaldiak, ohiko egutegiaren parte bihurtu direnak. Zentroak Ondarroako adingabeen zentroarekin ere partekatu izan ditu jarduerak, joan den Gabonetan, esate baterako.
Baina jarduera asko zentrotik kanpo gertatzen dira. Multzo horretan sartzen dira Debako txangoa, herrian zehar egiten diren ibilaldiak edo Artibai egoitzako parkeko topaketak. Eszenatokiz aldatu eta inguruko beste espazioekin harremanetan jarraitzeko aukera ematen die. «Zein gauza xumea den buelta bat ematera ateratzea edo beste pertsona batzuekin une bat partekatzea, eta, ostera, zelako balio handia daukaten ekintza horiek», dio zentroko koordinatzaileak.
Datozen hilabeteei begira, gainera, ideia hori bera jarraitzen duten proposamen berriak daude aurreikusita: ibilaldiak herrian zehar, bere historia hobeto ezagutzeko; bisita kulturalak Zubi Zaharreko ikasleekin batera horma-irudiak ezagutzeko edo herriko eragileekin kolaborazioak, dela institutuarekin, dela Udaleko Berdintasun sailarekin.
«Zentroa espazio bizia izan dadin saiatzen gara, alegia, kanpoan gertatzen denarekin konektatuta egotea. Kontua ez da bakarrik hona etortzea, baizik eta Ondarroa bizitzen jarraitzea», laburbildu du Iriondok. Eta hori, egunerokotasunean, oso gauza erraza da: errutinari, harremanei eta une txikiei eutsita lortzen da. «Azken batean, horren bidez pertsona bakoitza bere komunitatearen parte dela sentitzen du»