Berriatuan San Gregorio jaiak hasiko dira maiatzaren 1etik 16ra eta Gazte Egun handi batekin abiatuko dira
Barikuan [maiatzak 1] Gazte Eguna ospatuko da txupinazoarekin, gazte bazkariarekin, jolas eta karro poteoarekin eta gaueko kontzertuekin.
Berriatua prest dago San Gregorio jaiak hasteko, eta herriak maiatzaren 1etik 16ra bitartean ospatuko du aurtengo egitaraua, musika, kirola, kultur ekitaldiak eta jai giroa uztartuko dituen programazio zabalarekin.
Jaietako lehen egun handia barikuan [maiatzak 1] izango da, Gazte Egunarekin. Egitaraua 10:15ean hasiko da Madalenara igoerarekin eta txupinazoarekin, festen hasiera ofiziala iragarriko duen une bereziarekin.
Ondoren, 15:00etan, gazte bazkaria egingo da, lagunartean elkartzeko eta jai giroaz gozatzeko aukera eskainiz. Arratsaldean, 18:00etan, jolasak eta karro poteoa izango dira, parte hartzea eta kale giroa sustatuko dituzten ekintzekin.
Gauean, musikak hartuko du lekukoa 22:00etatik aurrera, Tatarrres eta Begibide taldeekin, erromeriarekin eta DJ Jonkasekin.
Udaletik gogorarazi dute bajadako egunean baserritar janzteko gonbita egin dela, eta jaiak errespetuz, aniztasuna aldarrikatuz eta elkar zainduz ospatzeko deia zabaldu dute.
Halaber, aurtengo berrikuntzetako bat izango da play-back lehiaketa paelladako bazkal ostean egingo dela.
Maiatzaren 1etik 16ra luzatuko diren San Gregorio jaietan, gainera, kontzertuak, umeentzako jarduerak, herri kirolak, erromeriak, BTT martxa eta bestelako ekitaldi ugari izango dira.
Antolatzaileek argi utzi dute ez Berriatuan, ez inon, ez dela inolako erasorik onartuko jaietan.