Lekeition 'Sorginak, Putak, Terroristak' liburuaren aurkezpena egingo dute tortura politikoa eta indarkeria matxista hizpide
Ekitaldia bihar [apirilak 30] izango da Kultur Etxean eta entzuteko, hausnartzeko eta memoria kolektiboa lantzeko gune hurbila sortzea du helburu.
Lekeition bihar [apirilak 30] egingo da Sorginak, Putak, Terroristak liburuaren aurkezpena. Olatz Dañobeitia Ceballosen lanak tortura politikoa indarkeria matxistaren ikuspegitik aztertzen du.
Ekitaldia 18:30ean hasiko da Kultur Etxeko Eskolape aretoan, eta liburu aurkezpenarekin batera berbaldia ere izango da. Saioa Lekeitioko Torturatuen Sareak eta Lekeitioko Mugimendu Feministiak antolatu dute.
Antolatzaileek herritar guztiei egin diete gonbidapena, bereziki tortura pairatu dutenei, torturatuak izan ez arren mehatxupean bizi izan direnei, eta torturatuen senide, lagun eta gertukoei.
Era berean, gonbita luzatu diete tortura saihesteko ihes egin edo parte hartze politikoa utzi behar izan zutenei, tortura inoiz indarkeria matxista gisa pentsatu ez dutenei, eta beste indarkeria matxisten aurka lanean ari direnei.
Deialdia ardura publikoak dituztenei, tortura ukatu dutenei edo beste aldera begiratu dutenei, eta torturatik nola berregin eta nola erreparatu hausnartzen ari direnei ere zuzendu zaie.
Antolatzaileen esanetan, helburua entzuteko, partekatzeko eta hausnarketa kolektiborako une hurbil eta goxoa sortzea da, memoria, justizia eta erreparazioa erdigunean jarriz.