Berriatuko umeek izango dute San Gregorio jaietako pregoia irakurtzeko ardura
Maiatzaren 1etik 16ra bitartean ospatuko diren jaietan musika, herri kirolak, paella eguna, aniztasunaren aldeko ekitaldiak eta parte-hartzea sustatzeko neurriak nabarmenduko dira.
Berriatua prest dago 2026ko San Gregorio jaiak ospatzeko, eta aurtengo egitaraua berrikuntza nabarmenekin dator. Horien artean deigarriena playbackaren ordutegi aldaketa da: urte luzez gauean egin izan den ikuskizuna aurten bazkalostera pasatuko da. Jai batzordeak azaldu duenez, azken urteetan jarduera gehiegi pilatzen ziren une berean, eta horregatik erabaki dute egitaraua hobeto antolatzea eta ekintzen artean tarte gehiago uztea. Helburua argia da: herritarrek jaiak lasaiago eta modu parte-hartzaileagoan bizitzea.
Aurtengo beste berrikuntza esanguratsu bat pregoiari dagokio: umeek egingo dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, azkenaldian aisialdi talde bat sortzen ari dela ikusita eta eskolan umeekin lanketa desberdinak egiten ari direla kontuan hartuta, protagonismoa haiei ematea erabaki dute. Gainera, urteetan zehar kultur talde eta eragile askok egin dute pregoia, eta aurten umeen bidez aisialdi talde berria sustatzeko eta indartzeko aukera ikusi dute.
Jaiak bihar [maiatzak 1] hasiko dira Gazte Egunarekin. Ohiko moduan, goizean Madalenara igoera eta txupinazoa egingo dira, ondoren gazteen bazkaria. Aurten, gainera, 90 lagun inguruk parte hartzea aurreikusten da gazte bazkarian. Arratsaldean jolasak eta karro poteoa izango dira, eta gauean musika nagusituko da Tatares eta Begibideren kontzertuekin, erromeriarekin eta DJ Jonkasekin.
Zapatuan [maiatzak 2] motorra izango da protagonista, Lea-Artibai Rallyarekin lotutako ekitaldiekin. Aurten, gainera, berritasun modura, rallyko autoen erregroupamendua herrian bertan egingo da asteburuan, eta horrek giro berezia sortzea espero da. Eguna autoen erakustaldiarekin hasiko da eta gauean Laboral Kutxako banakako finala jokatuko da.
Maiatzaren 7an Kaxeroren jaitsiera egingo da, eta ondoren Olatz eta Aiza bikotearen emanaldia izango da. Maiatzaren 8a familientzako eta kulturarentzako eguna izango da: umeen jolasak goizean, arratsaldean herriko emakumeei ongietorria eta Sarats Dantza Taldearen emanaldia. Gauean, berriz, Arlanka, Chuleria Joder eta Anuberen kontzertuek giroa berotuko dute.
Egun handia maiatzaren 9an ospatuko da, San Gregorio eta Paella Egunarekin. Eguerdian meza, erraldoien kalejira, paellaren aurkezpena eta herri bazkaria izango dira. Bazkalostean egingo da aurtengo berrikuntza nagusia: playbacka. Antolatzaileek uste dute ordutegi aldaketa honek parte-hartzea handitu dezakeela, giro espontaneoagoa sortuz. Izan ere, urte batzuetan parte-hartzea irregularra izan bada ere, herritarren artean ekitaldi oso gustukoa da.
Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, eta antolakuntzak argitu du musikaren entrega ere garaiz egin behar dela. Abestia formatu digitalean aurkeztu beharko da, eta bi aukera izango dira: fitxategia euskarri fisiko batean eramatea edo modu telematikoan bidaltzea. Antolatzaileek berretsi dute jasotako material guztiei baieztapena emango dietela, eta halakorik jasotzen ez bada, parte-hartzaileei harremanetan jartzeko eskatu diete, arazorik egon ez dadin.
Playbackaren ondoren elektrotxaranga aterako da kalera, eta gauean kontzertuak izango dira SkaPaie, Mirua, Iratzar erromeria eta Elepuntoren eskutik.
Maiatzaren 10ean herri kirolak egingo dira, aurten igandera lekualdatuta, eta eguna Tapia eta Leturiaren emanaldiarekin amaituko da. Ekitaldi honek urtero jende asko biltzen du, eta aurten ere giro bikaina espero da.
Egitarauak gizarte eta kultura ikuspegia ere izango du. Maiatzaren 14an, ostegunez, 18:30ean, Bideo gelan “Mi pequeño Samurai” dokumentala proiektatuko da. Lan honek Ondarruko Ekai Lersundiren istorioa jasotzen du, eta maiatzaren 17ko Homofobia eta Transfobiaren Aurkako Egunaren testuinguruan kokatzen da. Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte bai emanaldira bai egun horretako aldarrikapenetara bat egitera.
Jaiak maiatzaren 16an amaituko dira BTT martxarekin eta arratsaldean Zesta Punta jaiarekin, San Gregorio txapelketako finalekin.
Garraioa San Gregorio jaietan
Berriatuko San Gregorio jaietan segurtasuna eta joan-etorriak erraztea helburu, aurten ere martxan egongo da Gababus zerbitzua. Lea-Artibai eskualdeko hainbat herritatik irteerak antolatu dira, jaietara modu eroso eta seguruan heltzeko.
Berriatura joateko autobusak honako herrietatik abiatuko dira gauean: Munitibar, Ispaster, Aulesti, Mendexa, Gizaburuaga, Etxebarria, Lekeitio eta Amoroto. Irteerak 21:15etik 21:30era bitartean egingo dira herri bakoitzeko autobus geltokietatik. Antolatzaileek adierazi dute gainerako herrietatik etorri nahi dutenek ohiko garraio publikoa erabili beharko dutela.
Itzulerarako, autobusak Berriatuko geltokitik aterako dira goizaldeko 03:00etan eta 05:00etan, bi aukera eskainiz jai-giroa nahi den neurrian luzatzeko.
Hala ere, kontuan hartu beharreko zenbait ohar garrantzitsu daude. Ordutegiak aldatu egin daitezke ibilbideen arabera, izan ere, autobusak lehenik Ondarroara joaten dira eta ondoren beste herrietako bidaiariak jasotzen dituzte. Bestalde, ezinbestekoa da erositako txartelaren ordutegia errespetatzea: 03:00etarako txartela duenak ezin du ziurtatuta izan 05:00etako autobusean lekua, eta alderantziz.
Zerbitzu hau 16 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago bereziki, eta helburua da jaietatik etxera modu seguruan itzultzeko aukera eskaintzea, arriskurik gabe eta lasaitasunez. Antolatzaileek azpimarratu dute garrantzitsua dela garraio hau arduraz erabiltzea eta aurrez planifikatzea, esperientzia ahalik eta egokiena izan dadin.
Jai batzordeak azpimarratu du aurtengo apustua dela jaiak modu orekatuagoan antolatzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea. Era berean, mezu argia zabaldu dute: ez da erasorik onartuko eta elkar zaintzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute.
Tradizioa, berrikuntza, kultura eta konpromiso soziala uztartuta, Berriatua prest dago San Gregorio jaietan giro paregabea bizitzeko, herritarren inplikazioa eta ongizatea ardatz hartuta.