Lekeitio-Lekeitio mendi martxa zapatuan izango da 21 eta 11 kilometroko ibilbideekin
Lekeitioko Udalak antolatutako mendi martxak haur, gazte eta helduen parte hartzea sustatuko du zapatuan [maiatzak 3] Independentzia plazatik abiatuta.
Lekeitioko Udalak antolatuta, Lekeitio-Lekeitio mendi martxa zapatuan [maiatzak 3] ospatuko da. Ekimenaren helburu nagusia haur, gazte eta helduen artean mendizaletasuna sustatzea da, naturarekiko harremana eta kirol ohiturak bultzatuz.
Parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran. Ibilbide luzeak 21 kilometro eta 900 metroko desnibel positiboa izango du, eta ibilbide laburrak 11 kilometro eta 450 metrokoa. Bi ibilbideek Independentzia plazan izango dute hasiera eta amaiera, eta seinaleztatuta eta boluntarioen laguntzarekin kontrolatuta egongo dira.
Ibilbide luzean bi hornidura gune egongo dira, bata Ispasterren eta bestea 15. kilometroan, eta ibilbide laburrean hornidura gune bakarra izango da puntu berean. Antolakuntzak gogorarazi du ez dela edalontzirik egongo, eta parte hartzaileek beren ontzi propioak eraman beharko dituztela hondakinak murrizteko.
Prezioa 15 eurokoa izan da helduentzat eta 10 eurokoa 14 urtetik beherakoentzat, eta kuotak aseguruak, hornidurak, asistentzia medikoa, aldagelak, dutxak eta amaierako oparia barne hartzen ditu.
Martxaren egunean bertan zerbitzu ugari eskainiko dira Independentzia plazan, hala nola janaria eta edaria 13:00etatik 15:00etara, baita aldagelak eta dutxak ere. Parte hartzaileek pultsera bat izango dute identifikazio gisa, eta horrekin zerbitzu guztietarako sarbidea izango dute.
Segurtasun zerbitzuak ere bermatuta egongo dira, anbulantzia eta laguntza medikoarekin, eta antolakuntzak jakinarazi du zozketa berezia egingo dela parte hartzaileen artean, herriko denda eta tabernen laguntzarekin.
Lekeitio-Lekeitio mendi martxa urtez urte parte hartzaile gehiago biltzen dituen kirol eta natura ekimena da, eta aurten ere giro paregabea espero da herrian.