Plazabarripea berritzeko parte-hartze prozesua abiarazi du Markina-Xemeingo Udalak
Herritarren iritziak batzeko, bilera parte-hartzaileak abiarazi ditu udalak, eta galdetegia zabalduko zaie herritar guztiei.
Umeek, nagusiek, kirolariek eta herriko eragile askok erabiltzen duten espazio bat da Markina-Xemeingo Plazabarripea. Eguenetako plazaren babesleku ere bada, eta aterpe horren garrantzia kontuan hartuta, Markina-Xemeingo Udalak Plazabarripearen berrantolaketa pentsatzeko parte-hartze prozesu bat abiatu du. Udalak, Plazabarripea berriztuta irudikatuko zuen proiektu bat eskatu zien herriko hainbat arkitektori aurreko agintaldian. Proposamenak jaso ditu udalak, eta orain, proposamen hauek herritarrei erakusteko bilkurak antolatu ditu. Hala, herritarrek, proiektu hauek ikusi eta beraien iritzia emateaz gain, euren proposamen eta beharrak mahaigaineratzeko espazio bat sortu dute udaletxeko osoko aretoan.
Markina-Xemeingo pertsona nagusien eskaera eta iritziak batu nahi izan ditu udalak, eta joan den eguaztenean [apirilak 29] batu ziren. Hirigintzan, tokiko garapenean eta espazioei buruzko aholkularitza estrategikoa eskaintzen diharduen Hiritik At kooperatibako Izaskun Narbaiza izan zuten lagun herritarrek. Markina-Xemein Lagunkoia ekimeneko, Beti Jai elkarteko kideek eta herriko norbanakoek hartu zuten tokia aretoan, eta proiektuak ezagutzeaz gain, beraien beharrei buruz solasean aritu ziren.
Nagusien iritziak batuta, parte-hartze prozesu honetan udalak hainbat pertsona-talderekin batzea aurreikusten du; zaintza lanetan ari diren emakumeak, umeak, helduak, herriko kirolariak eta Plazabarripea ekintzak burutzeko erabiltzen dituzten herriko eragileak eta gazte asanblada, tarteko. Hurrengo fasean, bilera hauetan mahaigaineratu diren proposamenak batu eta galdetegi bat zabalduko zaie herritar guztiei, “herritarren atean adostutako espazio bat sortzeko”. Irizpideak adostutakoan, arkitekto batek hartuko du bere gain espazioaren berritzearen ardura.
Beharrizanetik proposamenera. Kaleetan entzuten diren beharrak udaletxera ekarri zituzten herritarrek. Plazabarripetik pasatzen den ibilgailuen jarioa murriztea, aterpeak eskaintzen duen babesa handitzea edo bibliotekaren eraikina handitzea eta Murgako lorategia zabaltzea izan ziren gehien aipatu ziren eskakizunak.
Arkitektuek proposatutako zortzi proiekturen aurkezpenetan ariko da udala aurrerantzean. Hala, Plazabarripea osatzen duten hainbat espazio izango dituzte herritarrek eztabaidagai: Zelaiaren garrantzia, mugikortasuna, ekipamendu eta zerbitzuak, merkatua, frontoi txikia, pasealekua eta Murgako lorategia eta honen inguruak. Arkitektu guztiek zelaiaren garrantzia oinarri izanda aurkeztu dute euren proiektua, eta denek bat egin dute hau errespetatzeko erabakian, “herriaren bihotz sinboliko eta sozial gisa” ulertzen baitute. Errepideari dagokionez, errepideak noranzko bakarra izatea proposatzen dute proiektu batzuek, oinezkoei lehentasuna emateko herritarren eskakizuna aintzat hartuz. Frontoi txikiari argitasuna emateako helburuarekin, eraikin bat edo beste eraistearen alde ere agertzen dira proiektu batzuk, hala ere, bere horretan mantentzearen alde daude gehienak. Plaza edo pasealekuen sorrera eta berrantolaketa ere proposatzen dituzte, eta Murgako lorategiaren isolamenduarekin amaitzeko proposamenak ere aurkeztu dituzte.