Sei urteko borroka: "egiaren, justiziaren eta errespetuaren bila"
Sei urteko ibilbide judizialaren ondoren, Iurgi Beraza Uriarteren kasua bide zibilean ebatzi da. Istripua ez zela "kasualitate hutsa" izan baieztatu da. Hala eta guztiz ere, familiak prozesuak izandako «gabeziak» azpimarratu ditu.
Agurtzane Uriarte eta Iosu Beraza. Agurtzane Uriarte. 2020ko maiatzaren 21ean, bizikletagaz buelta bat ematera atera zen Aulestiko Zubero auzoan Iurgi Beraza, Agurtzane Uriarte eta Iosu Berazaren 11 urteko semea. Une horretan, auto batek harrapatu eta Gurutzetako ospitalera eraman ondoren, bertan hil zen. Ordutik, sei urteko ibilbidea eduki du umearen kasuak, eta denbora horretan, gurasoek behin baino gehiagotan salatu dute ez dela gertatutakoa behar bezala argitu: “Ikerketa prozesuan hutsuneak egon dira”.
Lehenengo fasean, auzia bide penaletik artxibatu zen, gertatutakoa ez zelako delitu penal gisa tipifikatu. Ondoren, familiak bide zibiletik jarraitu zuen prozesua. Hala, 2021ean lehen aldiz publiko egin zuten euren egoera Uriartek eta Berazak. Istripuaren inguruko zalantzak argitzeko borroka judizial bati ekin zioten. Urtebete geroago, 2022an, kasua berriz irekitzeko eskaera egin zuten, ikerketan “kontraesanak” eta “informazio falta” nabarmendu zituztelako.
Azkenik, duela bi aste emandako ebazpen judizialak “auto gidariaren erantzukizun zibila aitortu du”, aseguru etxea kalte ordaina ordaintzera kondenatuz: “Gidaria erruduna dela argi gelditu da, eta hori da behar genuena. Horrez gain, justiziak aseguru etxea kalte ordaina ordaintzera kondenatu du. Halere, guretzat diruak ez dauka garrantzirik, bai, ordea, erruduna zein den egiaztatzea“. Izan ere, zehaztu dutenez, ebazpenaren arabera, gertatutakoa ez zen “halabehar hutsa” izan.
guretzat diruak ez dauka garrantzirik, bai, ordea, erruduna zein den egiaztatzea.
Horren aurrean, familiak erabaki zuen epaiaren aurka errekurtsorik ez aurkeztea. “Errekurtsoa sartuz gero, prozesu judiziala gehiago luzatuko litzateke. Eta horrek suposatu dezakeen ondorio pertsonalak kontuan hartuta, ez dugu errekurtsorik sartuko. Izan ere, ez dugu auzia ikuspegi ekonomikotik planteatzen, eta diruak ez du seme baten galera inoiz ordezkatuko”. Zentzu horretan, azpimarratu dute kalte ordain ekonomikoak ez duela konpentsatzen jasandako galera, eta prozedura gehiago luzatzeak ondorio emozional gehigarriak izango lituzkeela.
“Gainera, ebazpenaren arabera aseguru etxeak legez ezarritako baremoaren araberako diru kopurua emateaz gain, 2020tik gaur arteko interesak ere ordaindu behar dizkigu. Erabakiaren aurrean, aseguru etxea ez da ados egon kopuruekin, eta beste kopuru bat aurkeztu zuen, oso txikia zena. Hala ere, onartu ezean prozesua luzatuko litzateke eta, esan bezala, ez gaude horretarako prest. Guretzat garrantzitsuena lortu da: Iurgi ez da erruduna, autoaren gidaria baizik”.
Horrez gain, epaiak ez duela euren ustez gertatutako guztia behar bezala jasotzen. “Gertatutako guztia behar bezala ez jasotzeaz gain, bestelako gai batzuk ere atera dira sei urteko ibilbidearen ondoren. Duela sei urte atestatua egin zuen ertzainak Iurgi bizikletako kaskorik gabe zegoela esan zuen epaiketan. Nondik atera du informazio hor? Eta, gainera, istripua gertatu eta hiru egunera etorri zen, proba guztiak suntsituta eta gauzak lekutik mugituta zeudela. Horrez gain, orain arte ez du kaskoari buruz ezer esan eta, orain, gure semeari nahi dio errua bota?”, azaldu dute gurasoek. “Auto gidariak epaiketan esan zuen ez zekiela umeak kaskoa zeukan edo ez. Nik uste dut bazeukala, baina nire hitza da ertzainarenaren kontra. Beraz, nork irabaziko du? Argi dago”.
Hala eta guztiz ere, epai zibilaren aurka errekurtsorik aurkeztuko ez duten arren, familiak adierazi du, beharbada beste bide juridiko edo administratibo batzuk aztertuko dituela. “Gure ustez prozesu guztian egon daitezkeen jarduera desegokiak edo gabeziak aztertzea da helburua. Hala ere, momentuz, Iurgiren kasua baztertu egingo dugu, semea guzti honetatik kanpo uzteko. Beste bide batzuk izango dira nahi izanez gero irekiko ditugunak”.
Momentuz, Iurgiren kasua baztertu egingo dugu, semea guzti honetatik kanpo uzteko. Beste bide batzuk izango dira nahi izanez gero irekiko ditugunak.
Aurrekariak. 2020an Ertzaintzak egindako atestatuak “errudunik gabeko istripu hilgarritzat” jo zuen, gurasoen ikerketek gidariaren bertsioa zalantzan jartzera eraman zituzten, peritu propio bat kontratatu baitzuten: “Jendeak egindako lan traketsaren ondorioz, gure bidea egin behar izan dugu. Horrela lortu dugu lortu dugun minimoa ere”.
Gurasoek azaldu dutenez, Ertzaintzaren atestatutik aldentzen zen beste txosten bat egin zuen kontratatutako perituak: “Ate ezberdinak jo eta bategaz eta besteagaz hitz eginda, zalantzak sortu zitzaizkigun, eta konturatu ginen Ertzaintzak egindako atestatuak hutsune asko zituela. Gainera, ez hutsuneak bakarrik, gauza asko oker zeuden jarrita, gure auzoko bidean autoek izan behar duten abiaduratik hasita”. Gurasoek zehaztu dutenez, “auto gidariak umea mugitu zuen, eta besoetan eraman zuen etxeraino”. Horrez gain, gurasoen hitzetan, “autoa ere beste leku batean aparkatu zuen, baita bizikleta mugitu ere, kasuko frogak suntsituz”.
Horrenbestez, eurak gurasoak izan ziren errepidearen zein inguruko zelaiguneko argazkiak eta bideoak atera zituztenak: “Bizikletaren frenoen markak zeuden. Horregatik, atestatuan ondorioztatu zen Iurgik arriskua sumatu zuela eta hiru balaztada eman zituela”. Hala eta guztiz ere, atestaturik ez zitzaien iritsi gurasoei, beraz, epaitegira jo zuten galdezka: “Hor jakin genuen kasua artxibatu egin zutela, baina guk ez genuen ezelako notifikaziorik jaso. Beraz, gure perituak egindako txostena aurkeztu genuen, eta kasua berriro irekitzeko eskatu genuen”.
Ezekoak besterik ez zituen jaso familiak: “Ate guztiak itxita aurkitu genituen. Gernika-Lumoko epaitegiak atzera bota zuen eskaera, Ertzaintzak esandakoa berretsiz. Fiskaltzak ere atzera bota zuen. Ertzaintzak egindako atestatuari eman zioten bakarrik balioa. Eta atestatu horrek hutsune nabarmenak zituen. Ez dugu inoiz ulertu izan”, gogoratu dute Uriartek eta Berazak.
Ez errepikatzeko bermeak. Sei urteko prozesuaren ondoren, familiak azpimarratu du gaur-gaurkoz helburua ez dela bakarrik beraien semearen kasuaren ebazpena, baizik eta etorkizunean antzeko egoerak gertatzea saihestea. Haien hitzetan, beharrezkoa da heriotza eragiten duten istripuen ikerketak “ahalik eta zorrotz, garden eta koherenteenak” izatea, bereziki adingabeak tartean daudenean.
Horrenbestez, ez errepikatzeko bermeak dira Uriartek eta Berazak eskatzen dituztenak: “Ez dugu nahi beste familiaren batek guk bizitako infernua bizi dezan. Horrez gain, justiziari ‘pilak jartzeko’ eskatu behar diogu, eta dituen hutsuneak hobetzeko, kalte handia egin dezaketelako”.
Ez dugu nahi beste familiaren batek guk bizitako infernua bizi dezan.
Beraien seme Iurgi gogoan, modu batera edo bestera borrokan jarraituko dutela argi daukate biek: “Iurgi ez da zifra edo espediente bat, gure semea baizik. Egia, errespetua eta justizia izan da beti gure leloa. Justizia, nolabait, lortu dugu, orain, egia eta errespetua eskatzen ditugu”.