Ispasterko Aixeder errota, altxor historikoa
XVIII. mendeko haize errotak herri baten beharrari erantzun zion, berrikuntza ekarri zuen eta gaur egun Bizkaiko ondare eta balio arkitektoniko berezi gisa mantentzen da.
Ispasterko paisaia berdearen artean, muino baten gainean eta itsasoari begira, Bizkaiko eraikin berezienetako bat altxatzen da oraindik ere: Aixeder errota. Lehen begiratuan etxe zahar eta bitxi bat dirudi, baina bere hormen barruan mendeetako historia dago gordeta. Gaur egun etxebizitza pribatua bada ere, garai batean herri oso baten beharrei erantzuteko sortutako azpiegitura estrategikoa izan zen. Aixeber errota ez zen ohiko eraikina izan. Euskal Herrian, historian, ur errotak izan dira nagusi. Erreka eta ibaien indarra aprobetxatuz, gari eta artoa ehotzeko erabiltzen ziren, eta ia herri guztietan bazegoen halakoren bat. Baina XVIII. mende hasieran naturak ohiko sistema hori kolokan jarri zuen.
Anartz Ormaza arkitekto eta ondarean adituak azaldu duenez, 1725 inguruan lehorte handi batek eskualdea gogor jo zuen. Denbora luzez euria oso gutxi egin zuen, eta ondorioz erreketako ur maila nabarmen jaitsi zen. Ur errotek ez zuten indarrik martxan ibiltzeko. Garai hartan, irina ez zen produktu hutsa: ogia egiteko oinarrizko elementua zen, eta ogia eguneroko elikaduraren ardatza. Horrek egoera larriak sortu zituen. Ehotzeko aukerarik gabe, gari eta arto uztek ez zuten baliorik. Elikadura arazoak eta ziurgabetasuna nagusitu ziren. Testuinguru horretan, herriek irtenbide berriak bilatu behar izan zituzten.

Ispasterren erantzuna ausarta izan zen: haizearen indarra erabiltzea. Horrela sortu zen Aixeder errota, 1728 eta 1729 urte inguruan. Garai hartan ez zen ohikoa Bizkaian halako eraikinik egitea, eta horregatik, proiektua berritzailea eta arriskutsua ere bazen. Herriko kontzejuak ikusi zuen irtenbide bat behar zela, eta herriaren baliabideak jarri zituen eraikuntza aurrera eramateko. Lurra, harria, egurra eta beste material batzuk komunitatearen esku jarri ziren. Lanaren ardura Jose de Gizaburuagari eman zioten, garai hartako pertsona ezaguna eta baliabideduna zelako.
Hala ere, hasieratik eztabaida ere piztu zen. Herriaren ondasunekin eraiki zen errota izan arren, behin martxan jarrita ustiapena modu pribatuan egin zen. Horrek esan nahi zuen herritarrek beren artoa edo garia ehotzeko tasa bat ordaindu behar zutela. Herriak ulertzen zuen errota beharrezkoa zela, baina ez zuten begi onez ikusten baliabide publikoekin egindako egitasmo bat pertsona bakar baten kontrolpean geratzea.
Teknikoki, Aixeder errota garaiko aurrerapen handia izan zen. Eraikina leku estrategiko batean kokatu zuten, itsasotik zetorren haizea ondo jasotzeko. Kanpoaldean hegal handiak zituen, oihalez estaliak. Haizeak hegal horiek mugitzen zituen, eta mugimendu hori barruko ardatz eta engranaje sistemetara pasatzen zen. Sistema horrek errotarri handiak birarazten zituen, alea ehotzeko.
Gainera, errotak bazuen xehetasun ikusgarri bat: teilatua eta hegalak biratu egin zitezkeen haizearen norabidera egokitzeko. Horrela, une bakoitzean haizearen indarra ahalik eta gehien aprobetxatzen zen. XVIII. menderako mekanismo sofistikatua zen, eta Europatik ekarritako ezagutzetan oinarrituta egin zela uste da, gero bertako errealitatera moldatuta.
Eraikinaren barrualdea ere ondo antolatuta zegoen. Beheko solairuan biltegiak zeuden, gari eta arto zakuak gordetzeko, baita irinaren bilketa egiteko ere. Beste gune batean errotariaren bizilekua zegoen, bertan bizi baitzen askotan errotaren arduraduna. Goi solairuetan mekanismo nagusiak kokatzen ziren: ardatzak, gurpilak, engranajeak eta ehotzeko sistemak.
Baina bere arrakasta ez zen luzaroan mantendu. Urte batzuk igaro ondoren, euri zikloa normaltasunera itzuli zen, eta ur errotak berriz martxan hasi ziren. Horrek Aixeder errota bigarren planoan utzi zuen. 1745 inguruan, eraiki eta hogei urte eskasera, errota desmuntatu egin zuten. Barruko makineria saldu zuten eta hegalak kendu zizkioten.
Handik aurrera, errota izatetik etxebizitza izatera pasa zen. Bere forma biribil eta sendoa mantendu zuen, baina barrualdea etxe modura egokitu zuten. Gaur egun ezin da barrutik bisitatu, etxebizitza pribatua delako, baina kanpotik ikusi daiteke, eta arreta bereganatzen jarraitzen du. Bere hormek gogorarazten dute nola herri batek krisi handi bati irudimenagaz erantzun zion.