Jon Maia Soria: «Iraganera egindako bidaia polit bat da, etorkizunaz pentsatzeko»
Jon Maiak zuzendutako ‘Berriz etorriko zera’ dokumentalak frankismo garaian Ondarroara iritsitako milaka pertsonaren bizipenak berreskuratu ditu, haien lekua aitortuz eta herriaren identitatea ulertzeko ezinbesteko pieza gisa kokatuz.
Maiatzaren 9an estreinatuko da Ondarroan Berriz etorriko zera dokumentala. Jon Maiak zuzendutako lana da, eta Ondarroako Udalak ekoiztutakoa. Frankismo garaian Ondarroara etorritakoen testigantzak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak, eta haien bizipenak herriaren historia eta identitatearen parte gisa kokatzen ditu. Iraganari begira egindako lan horrek, gainera, gaur egungo migrazio fenomenoa ulertzeko gakoak ere eskaintzen ditu.
Nola heldu zitzaizun dokumentala zuzentzeko proposamena?
Ondarroako Udala jarri zen nirekin harremanetan, frankismo garaian herrira iritsitakoei buruzko dokumental bat egiteko asmoarekin. Pertsona horiei aitortza egin nahi zieten, eta haien historia Ondarroaren kontakizunean txertatu. Nik aurretik antzeko gaiak landuak nituen, eta nire familiak ere Euskal Herrira migratu zuenez, oso gertukoa egin zitzaidan proposamena.
Zein izan da dokumentalaren helburua?
Askotan, istorio hauek gertakizun bezala geratzen dira, beste jende baten historia balitz bezala, kanpo fenomeno bat edo. Baina 100 baino gehiago dira garai batean etorri zirenen seme-alaba ondarrutarrak. Ondarroara etorri den jendea zerotik hasi da hemen, eta sekulako ekarpena egin dio Ondarroaren garapenari eta identitateari. Baina hori kontatu gabe dago. Azken batean, estereotipo batzuk ditugu eraikita, ondarrutarra izatea zer den eta zer ez den zehazten dituztenak. Zer da euskalduna izatea? Zer ondarrutarra eta zer zumaiarra? Uste dut garrantzitsua dela herriko historia idazteko orduan, istorio hauek lekua izatea, baita euskal identitate berria eraikitzea ere.
Zergatik Berriz etorriko zera izenburua?
Ondarroako kanta ezagun bateko esaldia da, eta oso iradokitzailea iruditu zitzaidan. Argoitia anai-arreben Amets, amets egin abestia da. Egokia iruditu zitzaidan, migrazioaren joan-etorriak ondo islatzen baititu. Dokumentalean Argoitia anai-arreben musika erabili dut, eta uste dut izenburuan elementu guztiek bat egiten dutela.
Zein gai lantzen dira dokumentalean?
Migrazioa bera da ardatza, baina horrekin batera, identitatea, integrazioa, hizkuntza eta lana ere jorratzen dira. Garai hartan Ondarroara etorritakoek bizi izan zituzten zailtasunak ageri dira: norbere lurra utzi beharra lur ezezagun batera joateko, ezer gabe, bide berri bat hastera. Hori ez da aldatzen ez lehen, ez orain. Identitatea ere bada beste gaietako bat; izan ere, Espainiako estatutik etortzen zen jendea, diktadura garaian, gerrako irabazleen lurretatik zetozen. Beraz, identitate gatazka hori ere islatu nahi nuen, zenbat oztopo aurkitu zituzten hona etorri zirenean. Bestetik, hizkuntza ere agertzen da. Oso garrantzitsua da, identitateari oso lotuta baitago. Horrez gain, lana ere bada ageri den beste elementu bat. Etorri ziren guztiak langile klasekoak ziren. Beraz, gaur egun bezala, hemengoek egin nahi ez zituzten lanak egiten zituzten; besteak beste, itsasokoak. Beraz, garai hartako errealitatea islatzeaz gain, gaur egungo migrazioari buruz hausnartzeko bidea ere zabaltzen du.
Nolakoa izan da testigantzak jasotzeko prozesua?
Lehenik, dokumentazio lana egin genuen, eta ondoren, profil desberdinetako pertsonak bilatu genituen: emakumeak, gizonak, arrantzaleak, bigarren belaunaldikoak… Pertsona askorekin elkartu eta haien istorioak entzun ondoren, dokumentalerako hautaketa egin genuen. Azkenean, 20 lagun inguru agertzen dira, jatorri askotakoak: Galizia, Extremadura, Andaluzia, Asturias, Gaztela eta Leon…

Andaluziara ere joan zinen testigantzak jasotzera; zehazki, Aiamontera. Zer aurkitu zenuen bertan?
Ez nuen espero aurkitutakoa. Harritzekoa da han Ondarroarekiko dagoen lotura: pila bat ondarrutar daude. Baina ez 10 edo 80, askoz gehiago. Ondarroa txiki bat da Aiamonte, eta ondarrutar bat etxean sentitu daiteke bertan. Historikoki harreman estua egon da bi lekuen artean, batez ere arrantzaren bidez, eta hori modu oso bizian ikusten da gaur egun ere.
Nola deskribatuko zenuke dokumentala?
Baliabide xumeekin egindako lana den arren, beti saiatzen naiz artea, emozioak eta edertasuna bilatzen. Ez da soilik testigantzen bilduma bat; irudi zaharrak, artxiboko materiala eta kontakizun zinematografiko bat eskaintzen ditu. Garai bateko Ondarroa mugimenduan ikusiko du jendeak: garai bateko kaleak, paretak eta pertsonak. Iraganera egindako bidaia polit bat da, etorkizunaz pentsatzeko.
Zuretzat berezia al da halako lanak egitea?
Bai, modu oso pertsonalean bizi dut. Azpeitiko Kastellanuek dokumentala egin nuenean, nire historia ere sartu nuen. Dokumental hori grabatzen nengoela joan nintzen lehenengo aldiz nire amaren herrira, eta, niretzat oso hunkigarria izan zen. Beti da hunkigarria gai hau niretzat, ze, sentitzen dut nire posiziotik laguntzen ari naizela milaka euskaldunen historiei bultzada bat ematen. Horrek balio berezia ematen dio niretzat.
Jon Maia: “Migrazioa bera da ikus-entzunezkoaren ardatza, baina horrekin batera, identitatea, integrazioa, hizkuntza eta lana ere jorratzen dira”
Beharrezkoak al dira halako memoria ariketak?
Bai, eta gainera, modu ofizialean egitea garrantzitsua da. Euskal Herriaren historia ezin da ulertu frankismo garaiko migrazioa kontuan hartu gabe, ezta gaur egungo euskararen egoera ere. Arteak, gainera, bide eraginkorra eskaintzen du istorio horiek gizarteratzeko. Ze, jendearengana iristeko modu oso eraginkorra da.
Prest al zaude estreinaldirako?
Azken unera arte daude gauzak egiteko, baina gogotsu nago. Ondarroarekin lotura berezia daukat, gaztetatik etortzen bainaiz kantatzera. Dokumental hau Ondarroak ematen didana bueltatzeko modu bat da. Ilusio berezia egiten dit ondarrutarrei egindako lana erakusteak; beraien historiaren aletxo bat jartzeak. Uste dut iluntze berezia izango dela maiatzaren 9koa; beraz, 20:00etan herriko frontoian elkartuko gara.