Loratzen jarraitzen du Ondarroak
Sexu genero disidenteak saretzeko helburuagaz egin dute Pla-Pla jaia herriko frontoian bigarrengoz, eta helburua goi-goitik bete dute: "Ez orain ez inoiz ez dugu onartuko ezelako erasorik, hemen espazio segurua aurkituko duzue".
Bazkaria frontoiko aterpean egin duteLarraitz Ibaibarriaga Etxaburu Udaberriari ongietorria eman dio Pla-Pla jaiak bigarren urtez. Loratzen jarraitu du, saretzen, Mamarratxosni talde antolatzailearen helburu nagusia betez. Saretzen sexu genero disidenteentzako espazioak, saretzen elkar ezagutuz, elkarri emanez. Elkartuz.
Atzoko [maiatzak 1] ekimenei guarkoek [maiatzak 2] eman diete jarraipena. Herriko frontoia bilgune, zumba saioaren eta bazkariaren bueltan elkartu dira herritarrak goiz partean. 12.30ak inguruan hasi dira gorputzak astintzen doinu dantzagarriei segituta. Enetz Ximeno gidari, libre mugitu dira, saioak aurrera egin ahala lotsak gero eta gehiago alboratuz.
Udaletxeko sarrera parean, bazkaria prestatzen zebiltzan bien bitartean. 11:00etan ekin diete prestaketei. Entsalada, arroza barazkiekin, kafea eta gailetak. Menu hori dastatu ahal izan dute bazkaritan bildu diren 60 lagun inguruk. Palestina gogoan, produktu ez sionistekin bete dute hitzordurako otzara.
Ondorengo orduak bertso, bingo musikatu eta performance eta Katiuskak eta Lumatzak MJren saioek girotuko dute. Gaztetxean agurtu dute aurtengo Pla-Pla.

Zumba saioan ederto pasa dute.Larraitz Ibaibarriaga Etxaburu
Bi eguneko hitzordua. Atzo hasi zen Pla-Pla, Klase borroka transfeminismotik. Herrietan zer? erresistentziak eta bizirauteko estrategiak mahai inguruagaz. Mijo Lizarzaburuk eta Txutxik parte hartu zuten, eta erantzun oso ona jaso zuen. “50 lagun inguru elkartu giren ordu eta laurdeneko saioan. Jendea gustura egon zen”. Minutuek aurrera egin ahala, jende gehiago bertaratu zen: “Bizi sintetikoak emanaldira jende gehiago batu zen, eta gauerdira arte ibili zen jendea”, azaldu dute Mamarratxosnako kideek.
Bi ekimenen artean, pintxoak dastatu ahal izan zituzten. Antxoak eta penkak, zelan ez, pla-pla eginda eta patata tortilla egon ziren aukeran. “Lehenengo jaian ere eman genituen, eta arrakasta izan zutela ikusita, aurten ere pintxoak eduki ditugu”.
Bi urte barru egingo dute hurrengo Pla-Pla, “desbiauei”, sexu genero disidenteei, adina edozein delarik, espazio segurua ematen jarraitzeko helburuagaz: “Belaunaldinarteko jaia izatea nahi dugu”.