Martxan da Malen Jaietako kartel lehiaketa
Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 1a izango da, eta Mutrikuko Udaletxeko harreran aurkeztu beharko dira.
Uztailaren 21etik 25era ospatuko diren Malen Jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa abiarazi du Mutrikuko Udalak. Hala, aukeratutako lana Mutrikuko jaietako egitarauaren azala izango da. Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 1a (astelehena) izango da, eta Mutrikuko Udaletxeko harreran aurkeztu beharko dira, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara. Lanen sortze-prozesua abiarazi ahal izateko, udalak kartelek bete beharreko oinarri eta arauak argitaratu berri ditu.
Lehiaketa 16 urtetik gorako sortzaileei dago zuzenduta, eta banaka edo taldeka, egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du. Udalak adierazi duenez, irudiaren gaiak “jaiekin eta Mutrikuko herriarekin zerikusia izan behar du”, gainera, lanek originalak izan beharko dute.
Puntuaketa eta kartelaren aukeraketa Mutrikuko Udaleko Kultura batzordeak izandatutako epaimahai baten esku geratuko da: hiru lan aukeratuko dituzte, eta puntu gehien lortzen dituen kartela izango da irabazlea. Sariari dagokionez, 400 euroko sari bakarra banatuko du udalak.