Ekoizleen produktuen, abereen eta bildots pintxoen eskaintza egongo da Markina-Xemeingo Baserri Egunean
18 etxola jarriko dituzte Plazabarripean eta zelaian, ekoizleen produktuekin, abereekin eta eta bildots pintxoen eskaintzarekin. Zapatuan [maiatzak 9], 10:00etatik 14:00etara izango dute herritarrek bertaratzeko aukera.
Baserri Egunaren nondik norakoak aurkeztu dituzte.Markina-Xemeingo Udala Eskualdeko ekoizle eta herriko abeltzainen topagune izango da, beste urte batez, Markina-Xemeingo Baserri Eguna. Eskualdeko produktuen, abeltzainen eta ekoizleen erakusleiho handia izan ohi da azoka, eta markina-xemeindarrek eta inguruko herritarrek guzti horiek ikusteko eta erosteko aukera izango dute. Markina-Xemeingo Udala eta Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea elkarlanean aritu dira zapatuan [maiatzak 9] ospatuko den Baserri Eguna antolatzeko, hala, 14 ekoizle eta 14 abeltzain egongo dira 10:00etatik 14:00etara arte, Plazabarripean eta zelaian.
“Gaztak; baserriko ogia eta gozoak; sagardoa eta txakolina; ahatekiak; ardoa; eztia; garagardoa; berakatza; gildak eta arrain kontserbak” erosteko aukera izango da udalak baimendutako 18 etxolatan, ekoizleei euren produktuak zuzenean erosi ahal izateko. Abeltzaintzario dagokionez, zaldiak, pottokak, astoak, poniak, ardiak eta ahuntzak ikusteko aukera egongo da zelaian. Aurten ez da behirik egongo azokan; Dermatosi Nodularraren aurkako neurriak kontuan hartu behar izan ditu udalak, eta beraz, aurten ez dira ikusgai egongo.
Urtero legez, azokaren erdigune diren bildots pintxoak eskainiko dituzte. 12:30etan hasiko dira saltzen Plazabarripean, eta bertaratzen den pertsona orok izango du bildotsa dastatzeko aukera. Ohikoa izaten da Plazabarripean bildotsa probatzeko ilara luzeak sortzea, beraz, ekoizleek jardun luzea izango dute etengabe pintxoak egiten, eta horretan ariko dira produktua amaitu arte. Aurreko urteetan saldutakoari begira, aurten ere 1.000 pintxo inguru saltzea da aurreikuspen eta helburua. 2 euro eta erdi ordaindu beharko da pintxoak probatu ahal izateko.
Udalak adierazi duen bezala, “aukera paregabea” izango da zapatukoa ekoizle txikiei zuzenean euren produktuak erosteko, bildots mokadua jateko eta Baserri Egunaz gozatzeko.