Santixau Jaietarako kartel lehiaketa abian da
Kartelak aurkezteko epea ekainaren 5era arte egongo da zabalik. Taldean zein bakarka egindako kartel irabazleak, 400 euroko saria jasoko du.
Etxebarriko Udalak herriko jaietako kartel lehiaketa martxan dagoela iragarri du. Santixau Jaiak iragarriko dituen kartelaren bila dabiltza, eta horretarako, diseinuek bete beharko dituzten oinarri eta arauak argitaratu dituzte.
Kartelak bakarka edo taldeka aurkezteko aukera izango dute, hala ere, egile edo egileek lan bakar bat aurkeztu ahalko dute. Lanak jatorrizkoak izan beharko dute, eta aurretik argitaratu barik daudenak bakarrik onartuko dituzte. Testuari dagokionez, SANTIXAU JAIAK 2026 ETXEBARRIA ikusgai egon beharko da diseinuan, eta erabiltzen den testu oro euskeraz idatzita egon beharko da. Kartel bakotizak titulu edo goitizen bat izan beharko du.
Lanek formatu jakin bat izan beharko dute: diseinu bertikala izan beharko da, A3 neurrian. Inteligentzia artifizialaren erabilerarik ez dela onartuko azpimarratu du udalak, hala, diseinatzaile bakoitzaren originaltasuna nabarmendu nahi dute.
Lanak aurkezteko bi bide zabaldu ditu udalak. Paperean aurkezteko, kartelak atzeko aldean eraman beharko du goitizena. Lanarekin batera, gutun-azal bat aurkeztu beharko da, eta horren barruan egilearen izena, helbidea eta telefonoa idatzita egongo da. Lanak euskarri digital baten bidez aurkezteko, gutun-azalaren barruan USBa eta egilearen datuak sarut beharko dira. Artxibo digitalaren izena lanaren goitizena izango da.
Hala, lanak Etxebarriko Udalexean aurkezteko aukera egongo da ekainaren 5era arte. Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara ariko dira lanak batzen, udaletxeko bulegoan. Epaimahaiak, lanaren kalitate artistikoa, sortzen duen interesa, xehetasunen koherentzia eta iragartzeko ahalmena kontuan hartuta erabakiko du kartel irabazlea.