Hezkuntza Sailak ikasleentzako garraio zerbitzua kenduko duela salatu dute
Kaltetutako adingabeen gurasoek agerraldia egingo dute bihar [maiatzak 8] 19:30ean, Aulestiko Urregarai eskolaren kanpoaldean.
Lea-Artibaiko herri txikietako gurasoek Hezkuntza Sailak garraio zerbitzuaren zati handi bat kenduko dutela salatu dute. Herriko adingabeen segurtasunarekin kezkatuta agertu dira gurasoak, eta datorren ikasturtean garraio publikoa ezabatzeko erabakiaren aurrean, agerraldia egingo dute bihar [maiatzak 8] 19:30ean, Aulestiko Urregarai eskolaren kanpoaldean. Gurasoek, argazkiarekin batera, alegazio bat egingo dute Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzari zerbitzu hori manetentzeko eskakizuna eginez.
Gurasoek adierazi dutenez, “ikastetxe publikoetako eskola garraio zerbitzua arautzen duen dekretuak dio garraio zerbitzu hau izateko, adingabearen etxea eskolatik bi kilometroko distantziara egon behar dela. Distantziaz gain, ibilbidearen segurtasun-baldintzak ere kontutan hartzen dira zerbitzua ezartzeko orduan”. Orain arte, adingabekoak eskolara joan ahal izateko beharrezkoa izan da zerbitzua: “Gure auzo batzuk ez dira distantziaren irizpideak arautzen dituen bi kilometroetara heltzen, hala ere, bideak dituen espaloien egoerak eta argiztapenak ez dute herriko adingabeen segurtasuna bermatzen”.
Herri txikien alde. Herri txiki bateri horrelako zerbitzu bat eskaintzea herri txikien aldeko apustua egitea dela adierazi dute gurasoek, Horrelako erabaki txiki askok familiak herri handietara joan behar izatea eragiten duela diote, eta honekin batera, herri txikietako auzoak biztanle gabe geratzea. Gainera, garraio publiko hau izateak sortzen duen lanpostu baten galera ekarriko du, langile horren egoera ekonomikoan modu zuzen baten eraginez.