Sokatira txapelketa hartuko du Ondarroak
Mutriku, Gaztedi A, Gaztedi B, Akelarre eta Goiherri soka tira taldeak lehiatuko dira zapatuan.
Mutrikuko Sokatira Taldeak eta taldearen zain kirolaren jarraitzaileek egun garrantzitsua dute biharkoa. Ondarroan hasiko da aurten Euskal Herriko lur gaineko soka tira txapelketa. Pisaketarekin hasiko dute jardunaldia, 14:30ak eta 16:00ak artean egingo dutena. Gizonezkoen 680 kilogramoko kategorian arituko dira lehiatzen kirolariak 17:00etatik aurrera, Ibaiondon. Mutriku Sokatira Taldeko mutilek lehen jardunaldi garrantzitsua bezain gogorra izango dute, eta norgehiagoka ariko dira Gaztedi A eta Gaztedi B, Akelarre eta Goiherri sokatira taldeekin.
Lehia garrantzitsua hartuko du Ondarroak. Biharko jardunaldiaren ostean, maiatzaren 16an, Deban izango da 680 kilogramoko kategoriako finala. Maiatzaren 23an Azkoitian dute hitzordua mutrikuarrek 640 kiloko jardunaldian lehiatzeko. Kategoria honetako finala, Berriatuan izango da maiatzaren 30ean.