Geuretik Sortuak egitasmotik jaiotako sormen lanak ezagutzeko bi hitzordu
Aulestin ‘Zeruaren erdian’ komikiaren aurkezpenean batuko dira gaur [maiatzak 8], 18:30ean, Areto Nagusian. AmaHiru antzerki konpainiak ‘Etxea’ antzezlana eskaini du bihar [maiatzak 9], 19:00etan, Mutrikuko Zabiel kultur etxean.
AmaHiru Antzerki Konpainiaren 'Etxea' antzezlana.AmaHiru Antzerki Konpainia Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatu asmoz jaio zen Geuretik Sortuak egitasmoa, eta hedapen lan horren isla izango da asteburuan Lea-Artibai, emanaldi bikoitza hartuko baitu: Usue Egia komikilegilea Aulestin egongo da gaur [maiatzak 8], Zazpikiak bat bildumako Zeruaren erdian komikia aurkezteko; bihar [maiatzak 9] berriz, AmaHiru antzerki konpainiak Etxea ikuskizuna eskainiko Mutrikun.
Bekaren hirugarren aldian antzerkiaren aldeko apustu egin nahi izan zuten, eta antzerkia lantzeko bekek nabarmen egin zuten gora: bigarren aldian hiru izatetik, iaz zortzi izan ziren beka jaso zutenak. Horietako bat izan zen bihar Mutrikun izango den Amahiru Antzerki konpainia.
Iñaki Cidek sortutako eta Jon Ander Alonsok zuzendutako Etxea antzerlana eskainiko dute AmaHirukoek, drama batekin hasten den komedia: «Drama puntua dauka; etxebizitzaren egoeraz hitz egingo dugu, eta orduan bada drama jende askorentzat». Zaintza mota ezberdinak eta denboraren ondorioz galdutako lagunak ere izango dituzte hizpide eta hausnarketarako gai bihar 19:00etan Zabiel kultur etxera bertaratzen direnek.
AmaHiru antzerki konpainia Cidek, Eneritz Sanchezek eta Iñigo Elosegik osatzen dute, eta lau urte daramatzate elkarrekin lanean. Edonola ere, hau da hirukotearen lehen antzezlan luzea. Izan ere, Geuretik Sortuak bekagaz hiru asteko egonaldia egin zuten iaz Hiriburun, Lapurdiko iparraldeko herri batean: «Konpainia txikia izanik ere, orain bai, antzezlana lehengoak baino askoz handiagoa da, ez bakarrik denboran, baizik eta atrezzo eta baliabideetan».
Ipar Euskal Herrian egindako egonaldia «zoragarria» izan zen konpainiakoentzat, hiru astez buru-belarri antzezlanean lanean aritu ahal izan zirelako, tokiko antzokia erabiliz eta bertako teknikarien laguntzarekin: «Beti ematen dizkiegu eskerrak Udalbiltzakoei, gauzak horrela sortzea gozamena delako». Gainera, Hiriburuko herritarren harrera eta laguntza Etxean islatuta geratu dira: «Oso gustura egon ginen. Herri txikia da, eta denek zekiten han geundela. Gainera, antzezlaneko atrezzoa altzariak dira, eta horietako batzuk bertako herritarrenak dira; merkatu txiki bat egin genuen, eta herritarrek beraienak ekarri zizkiguten».
Hiriburun bertan egin zuten estreinaldia eta, geroztik, hamabost emanaldi inguru egin dituzte han eta hemen; ikusleen partetik jasotako erantzunagaz «pozik» daude. Hala, mutrikuarrak, gazte zein heldu animatu dituzte emanaldira hurbiltzera, «ez direlako damutuko». Sarrerak 5 eurotan erosi daitezke, mutriku.eus webgunean edota Mutrikuko Turismo Bulegoan.
Komikigintza.
Zazpi sortzailek osatu dute gaur Aulestin aurkeztuko den Zazpikiak bat bilduma. Zazpi egile eta zazpi herri. Egile horietako bat da Egia ilustratzaile durangarra, Geuretik Sortuak bekarekin Legorretan egonaldia egin zuen. Komikigileak Zeruaren Erdian komikia ondu zuen, bi txori protagonitatzat dituen eta sentimenduez eta emozioz hitz egiten duen lana.
Protagonistetako bat senarra galdu duen txoria da; bestea, berriz, sexualitate disidenteei buruz hitz egingo dion txori gazteagoa. Bi txoriek Legorretan egingo dute topo, herria gurutzatu bitartean elkarrizketan batuta.