Markina-Xemeinek ehunka lagun batu ditu Baserri Egunean eta 30 bildots erre dituzte pintxo ezagunenak prestatzeko
Eskualdeko ekoizleak, abeltzainak eta herritarrak elkartu dira beste urte batez Baserri Egunean, 1.000 pintxo inguru banatzeko aurreikuspenarekin.
Markina-Xemeingo Baserri Eguna giro apartagaz ospatu da beste urte batez, eskualdeko ekoizle, abeltzain eta herritarren topagune bihurtuta. Markina-Xemeingo Udalak eta Lea-Artibai Landa Garapen Alkarteak antolatutako azokak tokiko produktuen eta lehen sektorearen erakusleiho nagusi izaten jarraitzen du, eta aurten ere jendetza batu da Plazabarripean eta Zelaian.
10:00etatik 14:00etara bitartean, hamalau ekoizlek eta beste hainbeste abeltzainek euren produktuak eta aziendak erakutsi dituzte. Bertaratutakoek gaztak, baserriko ogia eta gozoak, sagardoa, txakolina, ahatekiak, ardoa, eztia, garagardoa, baratxuria, gildak eta arrain kontserbak erosteko aukera izan dute. Animaliei dagokienez, zaldiak, pottokak, astoak, poniak, ardiak eta ahuntzak izan dira ikusgai; aurten, ordea, ez da behirik egon, Dermatosi Nodularraren aurkako neurriak direla eta.
Egitarauko unerik esperoenetako bat izan da, beste behin, bildots pintxoen banaketa. 12:30ean hasi dira saltzen eta, urtero legez, ilara luzeak sortu dira dastatzeko.
Lan horren atzean, goizaldean hasitako prestaketa handia egon da. Danel Ibarrando, bildotsen erretze lanen arduradunak azaldu duenez, taldeak goizeko zazpietan ekin dio lanari. “Goizeko zazpietan hemen geunden jada, burdinak prestatzen eta sua pizten. Gutxienez lau orduko lana da guztia prest izateko”, adierazi du.
Aurten guztira 30 bildots erre dituzte, eta horiekin ehunka pintxo prestatzea espero dute. Ibarrandoren esanetan, kopuru zehatza kalkulatzea zaila bada ere, aurreikuspena “nahikotxo” da, urtero bezala jende asko bertaratzea espero baitute.
Bost lagun inguruko talde batek egiten du lan zuzenean erretze lanetan, nahiz eta herriko boluntarioen laguntza ezinbestekoa den gero pintxoak zerbitzatzeko. “Guk egiten dugu lanik gogorrena, baina laguntzaile barik ezinezkoa litzateke dena garaiz ateratzea”, nabarmendu du.
Baserri Eguneko ikur bihurtu den pintxo honen inguruan belaunaldien arteko erreleboari buruz galdetuta, Ibarrandok aitortu du ez dela erraza gazteak erakartzea: “Lan sakrifikatua da, jai edo asteburuetan egiten delako, eta askok nahiago izaten dute egun horietan gozatu”.
Hala ere, Markina-Xemeingo Baserri Egunak beste behin erakutsi du tokiko ekoizpenaren eta baserri kulturaren inguruko interesa bizirik dagoela, eta herritarren babesa sendoa dela.