Tiraldi gogorrez betetako txapelketa hartu du Ondarroak
Ondarroan jokatu dute joan den domekan [maiatzak 10] Lur Gaineko Sokatira Txapelketa. Mutriku Sokatira Taldea Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri eta Akelarre taldeen aurka aritu zen norgehiagoka tiraketetan.
Pisaketekin hasi zuten Lur Gaineko Sokatira Txapelketako lehen jardunaldia joan den domekan [maiatzak 10]. 680 kilogramoko kategorian lehiatu ziren Mutriku Sokatira Taldea Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri eta Akelarre taldeak, eta “tiraldi gogor eta politak” izan ziren nagusi.
Zozketaren emaitzak egindu bezala, Gaztedi A taldearen aurka lehiatu ziren lehenengo mutrikuarrak. Gogor eutsi zien gazteditarren tiraldiei, hala ere, “nabari da beste gorako maila baten daudela”, eta tiraldi biak galdu zituzten mutrikuarrek. Hala joan zen Goiherriren aurkako tiraldia ere, norgehiagoka luze baten ostean. Hirugarren tiraldia arnasgunea izan zen mutrikuarrentzat; Gaztedi B taldearen maila pareko izan zuten, eta bi tiraldiak irabazteko indarra izan zuen Mutrikuk.
Laugarren eta azken tiraldia Akelarre taldearen aurka egin zuten. Maila bereko bi talde izanik, hirugarren postua lortzeko aukera zuten mutrikuarrek. Hala ere, lehen tiraldia gogorra izan zen, eta garaipena oso hurbil izan bazuten ere, Akelarre izan zen garaile. Bigarren tiraldia jardunaldiko lehiatuenetakoa izan zen, hala ere, taldekideek argi ikusi zuten “Akelarreren alde joan zela soka”.
Hausnarketa egiteko unea hartu dute mutrikuarrek, eta aurrerapausoak emateko prest eta baikor agertu dira: “Asko daukagu hobetzeko, baina tiradak aurrera doazen heinean, taldearen maila hobetzen joango da”.
Datorren asteari begira dago taldea. Zapatuan [maiatzak 16], 680 kilogramoetako kategoriako finala ospatuko dute Deban. Taldeak adierazi bezala, aukera ona izango da hirugarren postua berreskuratzeko.