Aisia eskaintzari buruzko eskuorria sortu du Markina-Xemeingo Udalak
Haur eta familiek ekintzei buruzko informazio guztia jasotzeko, udalak eskuorria eskolan bertan banatuko die umeei. Hala ere, eskuragarri egongo dira Uhagon Kulturgunean eta Herri Bibliotekan.
Haur eta gaztetxoentzako 2026-2027 ikasturterako aisia eskaintza aurkeztu du Markina-Xemeingo Udalak. Bi eta hamaisei urte bitarteko ikasleentzat pentsatu eta antolatutako eskolaz kanpoko ekintzak dira eskaintzaren barruan sartzen direnak, eta herriko gazteen artean kultura eta kirola sustatzea helburu dutenak. Herrian aisia eskaintza zabala izateaz gain, ekintzei buruzko argibideak era egokian zabaltzearen beharra nabarmendu du udalak.
Ikasturte berriari begira, aisia eskaintzari buruzko informazioaren irisgarritasuna bermatu nahi izan du Markina-Xemeingo Hezkuntza Sailak. Orain arte, familiek ekintzei buruzko informazioa eragileengandik zuzenean jaso behar izan dute, eta ez zaie herriak eskaintzen duen eskaintza bere osotasunean jaso, gurasoengan “egonezina” eta informazio falta eraginez. Hala, aurtengo erronka informazio horren sakabanatzea ekiditea izan da. Hori bideratzeko, eragileekin batu eta ekimen guztiak bateratu dituen eskuorri bat sortu du udalak, haur eta gurasoek beharrezkoak diren datu guztiak toki berean izan ditzaten. Irisgarritasuna bultzatzeaz gain, eskuorri honen helburuetako bat “kultura eta kirolaren artean dagoen desorekan eragitea” izango da, ekintza guztiak orri eta maila berean eskainiz. Bide honetan, herriko kirol eta kultura eragile guztiek era koordinatu baten elkarlanean aritzeko espazioa sortu dute, batak bestearen eskaintza ezagutzea ahalbideratuz.
Udalak eskuorria eskolan bertan banatuko die umeei. Hala ere, nahi duenarentzat eskuragarri egongo dira Uhagon Kulturgunean eta Herri Bibliotekan.
Etxeko txikienentzat aisia eredu jakin baten alde egin dute eragileek. Aisia hezitzaile baten alde egin dute, “haur eta gaztetxoengan eragin positiboa duten esperientziaz osatua, bizitzarako gaitasunen ikaskuntza ahalbidetzen diena”. Honetaz gain, kulturaz eta kirolaz inguru euskaldun baten gozatzeko espazioa mantendu nahi dute: “Balio, sinismen, ohitura eta bizitza ikusteko modu propioak dituen komunitate bat garela erakutsen duena. Euskaraz bizi, gozatu, eta ikastea ahalbidetzen duena”. Azkenik, beharrezkoa den hezkuntza inklusibo bat eraikitzen ari direla zehaztu dute, “haur eta gaztetxo guztien presentzia eta parte-hartzea sustatuko duena, haien bizi-kalitatea eta ongizate psikosoziala bermatuko duena”.
Elkarlanean sortutako eskuorria. Elkartearen izena, eskaintzaren deskribapena, izena eman ahal duten haurren adina, eragile bakoitzaren kontaktua, kuota eta matrikulaziorako argibideak arakusten ditu eskuorriak. Honetaz gain, QR baten bidez, ekintzen ordutegiak zehaztuko dituzte.
Hurrengo hauek dira ekintzak eskaintzen dituzten herriko eragileak:
- Uhagon Kultur Elkartea
- Markina-Xemeingo Eskolarteko Gurasoen Federazioa
- Zerutxu Dantza Taldea
- Bertso Eskola
- Xemeingo Gazte Ahots Abesbatza
- Sormen Lantegia
- Tarine Udal Musika Eskola
- Artibai Futbol Taldea
- Atxondo Kiroldegia
- Esku Pilota Eskola
- Zesta Punta Eskola
- Artibai Mendigoizale Taldea
- Maxe