Dantzan dakitenentzako eta ikasten ari direnentzako Erromeri Eguna
Gure Ametsa Dantza Taldeak maiatzaren 30erako antolatutako egitarauaren baitan, bazkaria antolatu dute frontoian. Izena emateko epea zapatura arte [maiatzak 16] egongo da zabalik.
Beste urte batez, Gure Ametsa Dantza Taldeak Erromeri Eguna antolatu du maiatzaren 30erako. Urtero bezala, dantzan dakien eta ikasten ari diren herritarrak euskal dantzetara hurbiltzeko helburua du egunak, hala, erromeri eguna ospatzeko, erromeri eguneko dantza-entseguak antolatu ditu dantza taldeak. Hasi berriek otsailaren hasieran izan zituzten lehen saioak, eta apirilean egin dituzte errepaso entseguak.
Euskal Dantzak oinarri izanda, Gure Ametsa Dantza Taldeak egitarau zabala prestatu du Erromeri Egunerako. Datzan emango diote hasiera egunari, 12:00etan batuko dira Beheko Plazan, txistularien eta akordei taldeak lagun, eta kalerik kale ariko dira herria girotzen. 15:00etan bazkaria egingo dute Egañako Frontoian, eta 18:00etatik 20:00etara, Kittu taldeak izango du Beheko Plaza musikaz girotzeko ardura. Larrain dantza egingo dute 20:00etan, eta eguna amaitzeko, musika jarriko dute.
Gure Ametsa Dantza Taldeak entseguetara hurbiltzeko eta egunean bertan parte hartzeko deia zabaldu die herritar guztiei. Bazkarira etorri nahi dutenek izena emateko epea zabalik izango dute zapatura arte [maiatzak 16]. Nahi duenak, Aparta ile-apaindegian edo Aparra arropa-dendan eman dezake izena, eta momentuan 26 euro ordaindu beharko dira.