Iparra eta hegoa "haize bolada bakarrean" batu ditu Lekeitiok
Iparraldeko Haizeak jaialdia "giro bikainean eta jarraipan zabalagaz" ospatu dute herritarrek. Bertsoek, kantu poteoak, azokak, erraldoiek eta musika emanaldiek asteburu borobila sortu dute.
“Euskal Herriko iparra eta hegoa batzen dituen topagunea” sortu zuten joan den asteburuan Lekeition. Eguenetik [maiatzak 14] zapatura arte [maiatzak 16], kulturak, musikak eta gastronomiak osatutako Iparraldeko Haizeak jaialdia hartu zuen Lekeitiok. Iparraldeko Haizeak Kultur Elkarteak aurreko urteetako bide bera jarraitu du lau egunetako ekimentak antolatzeko, eta bertsoek, kantu poteoak, azokak, erraldoiek eta musika emanaldiek erakarrita, Lekeitio bete zuten eskualdeko eta inguruetako hainbat biztanlek.
Eguenean Alissa Intxaustik, Xabat Galletebeitiak eta Ana Goitiak hartu zuten Galarrena Kultur Elkarteko oholtza. Hala, bertso-bakarrizketarekin eman zioten hasiera asteburuko eskaintzari. Barikuan, “Benta Zaharreko Mutiko Alaiak” taldearekin batera, herritarrak kantu poteoari ekin zioten, eta Zineko Plazatik hasita, tabernak eta inguruak alaitzen aritu ziren.
Zapatuan [maiatzak 16] ospatu zuten egun handia. 24 kuadrilla batu ziren su inguruan gisaua prestatzeko lanetan, eta txistulariak, iparraldeko eta hegoaldeko produktuen azoka, erraldoiak eta Aittitta Makurra txaranga izan ziren eguna alaitu eta girotu zutenak. Ardi moztaileen erakusketa izan zen interesgune handienetako bat, herritar asko lan berezi hau ikustera erakarri zituena.
Antolakuntzak adierazi bezala, “parte hartzea oso ona izan da ekitaldi guztietan”. Bereziki zapatuan jende asko bertaratu zela adierazi dute, eta sortutako “giro bikainagaz” oso pozik agertu dira. Hala, Iparraldeko Haizeak elkartea osatzen duten eragileak oso eskertuta agertu dira herritar guztiekin: “Orain, datorren urteko Iparraldeko Haizeak prestatzen hasi behar gara!“.