Isuntzak nagusitasuna erakutsi du Euskadiko Trainerilla Txapelketan
Lekeitioko klubak denboraldi historikoa borobildu du kadete nesken Euskadiko txapela irabazita.
Ondarroako urek hartu zuten domekan [maiatzak 17] 2026ko Euskadiko Trainerilla Txapelketa, Arraunketako Euskal Federazioak antolatuta eta Ondarroa Arraun Elkartearen laguntzarekin. Jardunaldi ikusgarriak Isuntza izan zuen protagonista nagusi, Lekeitioko klubak kadete nesken kategorian Euskadiko txapela eskuratuta.
Isuntzako arraunlariek “estropada bikaina osatu” zuten eta “denboraldi aparta” borobildu dute horrela. Bizkaiko txapeldun, Euskadiko txapeldun eta Estatuko batel txapeldun izan ostean, Ondarroan berriro ere euren maila erakutsi zuten, harrobiaren indarra agerian utziz.
Goizean hasi ziren estropadak eta Euskadiko klub onenak bildu ziren hitzordu nagusian. Kadete, gazte eta absolutu kategorietako trainerillek parte hartu zuten, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Final zuzeneko formatuan jokatu ziren estropadak, eta txanda guztietako denborak kontuan hartuta erabaki zen sailkapen orokorra.
Isuntzaren garaipenaz gain, Deustok irabazi zuen kadete mutilen mailan eta Ondarroak etxean nagusitu zen gazte nesken kategorian.
Txapelketak berriro erakutsi zuen Bizkaiko arraunak bizi duen une bikaina. Klubetako harrobi lanak eta gazte arraunlarien ahaleginak emaitza ikusgarriak ematen jarraitzen dute Euskadiko lehia nagusietan.
Sari banaketa estropadak amaitu ostean egin zen helmuga inguruan, giro ezin hobean eta zale ugari bertaratu zirela. Ondarroako portuak arraun giro aparta bizi izan zuen egun osoan zehar.