Mutrikuko Sokatira Taldeak podiumean amaitu du final handian
Mutrikuarrek hirugarren postua eskuratu dute 680 kiloko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan eta dagoeneko Azkoitiko jardunaldian dute begia jarrita.
Mutrikuko Sokatira Taldeak beste behin ere maila handia erakutsi zuen zapatuan [maiatzak 16] Deban jokatutako 2026ko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketako finalean. Calbeton Zumardian giro ikusgarria izan zen eta zale ugari batu ziren lur gaineko sokatirako hitzordu nagusietako batean.
680 kiloko gizonezkoen finalean Mutrikuko taldeak hirugarren postua eskuratu zuen, Gaztedi A eta Goiherriren atzetik. Mutrikuarrek hiru puntu batu zituzten jardunaldian eta berriro erakutsi zuten Euskadiko talde indartsuenen artean daudela.
Finaleko sailkapenean Gaztedi A izan zen nagusi bost punturekin, Goiherrik lau puntu lortu zituen eta Mutrikuk hiru. Akelarrek eta Gaztedi B-k osatu zuten sailkapena.
Ligako azken sailkapenean ere podiumean amaitu dute mutrikuarrek. Gaztedi A izan da txapelduna hamar punturekin, Goiherri bigarren zortzirekin eta Mutriku hirugarren sei punturekin. Horrela, denboraldi osoan egindako lan sendoari amaiera bikaina eman dio Mutrikuko taldeak.
Finalaren aurretik ilusio handia zegoen taldearen inguruan eta zale askok erantzun zuten Debara gerturatuta. Mutrikuarrek aste osoan zehar egindako deialdiak eragina izan zuen eta giro beroa izan zen harmailetan zein plazan. Taldeak dena eman zuen sokan eta zaleen babesa nabarmena izan zen tiraldi guztietan.
Junior mailan ere jokatu zen txapelketa eta Gaztedi A nagusitu zen 560 kiloko kategorian.
Mutrikuko Sokatira Taldeak ez du atsedenik izango eta datorren hitzordua dagoeneko prestatzen hasi da. Maiatzaren 23an Azkoitian jokatuko da 640 kiloko gizonezkoen jardunaldia, eta mutrikuarrak bertan izango dira berriro lehian. Kategoria horretako final handia, berriz, maiatzaren 30ean jokatuko da Berriatuan.