Bizkaibus zerbitzua hobetzeko "ezinbesteko" proposamenak aurkeztu dituzte udal ordezkariek
Herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzea helburu, Bizkaibus zerbitzua hobetzeko proposamenak aurkezteko batu dira gaur [maiatzak 19] eskualdeko EH Bilduko ordezkariak. Herritarrek alegazioak egiteko epea zabalik izango dute barikura arte.
EH Bilduko Udal ordezkariak gaurko agerraldian. Bizkaibusen Busturialdea – Lea-Artibai eremurako aurkeztu den aurreproiektuari buruzko balorazioa partekatu dute gaur [maiatzak 19] Berriatua, Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar, Lekeitio, Mendexa, Ondarroa, Aulesti eta Munitibarko EH Bilduko udal ordezkariek. “Kalitatezkoa, eraginkorra eta erabilgarria” izan behar duen garraio sistema baten beharraren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiari aurkeztutako alegazioak azaldu dituzte.
Busturialdea – Lea-Artibai zerbitzua jasotzen duen aurreproiektua aztertu ondoren, balorazio bateratua egin dute Joseba Goienola Berriatuko alkateak, Junkal Bustindui Ziortza-Bolibarko alkateordeak, Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak, Mari Jose Uriarte Mendexako alkateak, Ibon Bergara Ondarroako zinegotziak, Jon Zarate Aulestiko zinegotziak eta Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak. Markina-Xemeinek ere bat egin du prentsaurrekoan, hala, Iratxe Lasa alkateak hartu du hitza, eta ideia orokor bat oinarri izanda ekin dio berbaldiari: “Proposamen horrek ez du behar bezala erantzuten Lea-Artibaiko herritarren benetako eta eguneroko mugikortasun beharrei”.
Irtenbide bat aurkitzeko asmoz, hainbat izan dira udalek egindako eskaerak: Lehenik, “Bilbo eta Lea-Artibai arteko zuzeneko maiztasuna handitzea eskatzen dugu, bai Lekeitiotik eta bai Ondarroatik”. Gaur gaurkoz, bidaiaren gehiegizko iraupenak jende asko autobusa erabiltzetik aldetzen du, auto pribatua hartzera bultzatuz. Gainera, zuzeneko zerbitzu hori zapatu eta jai egunetan mantentzea eskatu dute. Honi lotuta eta ikasleen beharrei begira aurkeztu dute bigarrena: “Ezinbestekotzat jotzen dugu Lea-Artibaitik EHUko Leioako campusera zuzeneko zerbitzua ezartzea”. Beste eskualdeetan zerbitzu hau badela adierazi dute, eta beraz, Lea-Artibaiko ikasleei zerbitzu bera bermatu behar zaiela.
Hirugarren eskaera, Usansoloko ospitalera doan zuzeneko autobus zerbitzua ezartzea izan da: “Osasun zerbitzuetara joatea ez da aukera bat, behar bat baizik”. Bidaia “luze eta deserosoak” direla salatu dute, geldialdi asko dituztenak.
Gaueko autobus zerbitzuaren beharra ere azpimarratu dute. Zerbitzu hori ez izateak auto probatuaren erabilera dakar ezinbestean, herritarren segurtsuna eta jasangarritasuna kolokan jarriz. Hala, “gaueko lineak eta jai egunetako konexioak bermatzea funtsezkoa” dela azpimarratu dute. Honi lotuta, udalek ordaindu eta bermatzen duten Gababus zerbitzuari egin diote aipamena, eskari argi batekin batera: “Eskumena Bizkaiko Foru aldundiarena da. Horregatik, zerbitzu hau bere gain hartzea eskatzen diogu”.
Azkenik, eskualdeko herrien arteko konektibitatea hobetzea proposatu dute: Aulesti eta Markina-Xemein artean zuzeneko linea bat ezartzea, edo A3922 linea Aulestiraino luzatzea; Lekeitio eta Ondarroa lotzea; eta A3916 linea Markina-Xemeinerarte luzatzea. Azkenik, autobus guztiak “egokituak eta irisgarriak” izatea eskatu dute, “pertosna guztiei garraio publikoa modu autonomoan eta seguruan erabiltzeko aukera bermatuz”.
Ordezkariek argi adierazi dute alegazio hauen helburua: “Lea-Artibaiko herritarrek kalitatezko, eraginkorra eta benetan erabilgarria izango den garraio publiko sistema bat izatea”. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiari eskaerak “seriotasunez” kontuan hartzeko eskatu die,”Lea-Artibaik ezin duelako garraio publikoan bigarren mailako eskualdea izaten jarraitu“.
Herritarren beharrak. Barikura arte izango dute eskualdeko herritarrek zerbitzuari buruzko alegazioak aurkezteko aukera. Ekarpenak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin daitezke. Idatziz egiteko aukera ere badago edozein erregistro bulegotan.