Euskara ikasi eta praktikatzeko, Mintzodromoetan bilduko dira
Inoiz baino euskara gehiago entzuteko asmoz, AEK-k 65 mintzodromo antolatuko ditu, Euskal Herriaren luze-zabalean, tartean Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition
24. Korrikak utzitako sentsazio indartsuei helduta, AEK-k hainbat konpromiso hartu ditu, eta, euskararen pizkunderako zer eskaini ahal duen erakutsi nahi diogu Euskal Herri osoari. Beraz, jendartean euskararen normalizazioa bultzatzeko, euskaraz praktikatzeko Mintzodromoak antolatu ditu eguenerako (maiatzak 21), hainbat herritan, tartean Ondarroan, Markina-Xemeinen eta Lekeition
Izan ere, inoiz baino euskara gehiago entzuteko asmoz, 65 mintzodromo antolatuko dituzte, Euskal Herriaren luze-zabalean. “Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz”.
Ondarroan, esaterako, 17:00etan bilduko dira Kofradia Zaharreko lehenengo pisuan, eta bertaratzeko izena eman behar da, hurrengo telefono zenbakietara deituta: 607 53 61 47.
Markina-Xemeinen, aldiz, 17:00etan jarri dute hitzordua, Uhagonen. Bertan parte hartzeko 607 59 62 61 telefono zenbakira deituta izena eman behar da.
Lekeition ere ordu berean batuko dira, Euskaltegian bertan. Izena emateko deitu hurrengoko telefono zenbakira: 607 59 63 43.
“Benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak irauten duen 11 egunetatik harago joan behar dugu”, azaldu dute, Korrikaren 12. Eguna prestatu dutela iragartzeaz gain.
12. eguna: eta izango gara! ekimena jarri zuen martxan AEK-k, euskararen aldeko lasterketaren balorazioan: “Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”.
Eskaerak egiteaz batera, AEKk berak zer gehiago egin dezakeen adierazi zuen: “Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator”. Horren baitan, apirilaren 22an ordubeteko eskola eman zuten, doan, AEKren 100 euskaltegietan. Eta, orain, Mintzodromoekin biribilduko dute egitasmoa.