Amorotoko frontoia beteko du Udabirra Festek
Garagardoa, txerri-pintxo eskaintza eta Pala Txapelketako finalekin osatu dute egun osoko egitaraua. Zapatuan [maiatzaren 23] frontoian batuko dira amorotarrak.
Maiatzaren amaiera hurbiltzen ari den honetan, Amoroton dena dute prest Udabirra Fest ospatzeko. Zapatuan, 13:00etan emango diote hasiera zerbeza, pintxo eta pilota partiden jaiari. Hala, gauera arte luzatuko da Amorotoko Kultur Taldeak Amorotoko Udalagaz, Amorotoko Pilotazaleak taldeagaz eta herritarrekin elkarlanean antolatu duten egun handia.
Urteroko bideari jarraituz prestatu dute amorotarrek aurtengo egitaraua. Frontoian batu eta txarri-pintxo eta zerbeza eskaintza zabalarekin hasiko dute eguna 13:00etan. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten ez da herritarrek egindako zerbeza eskaintzarik egongo, baina ohikoa den bezala, zerbeza desberdinen eskaintza zabala egongo da frontoian jarritako txosnan, txarri-pintxoekin batera dastatu ahal izateko. Jan eta edanagaz batera, 13:00etatik 15:00etara Gurekin Sortuak ekimenaren erakusketa prestatu dute antolatzaileek: “Aurtengo uzta ikusteko aukera egongo da, panel handi batzuetan aurtengo lanen azalpenak batuko ditugu”.
Ordu horretarako frontoia goraino betetzen da urtero. Herritarrek, beraz, bertan geratzeko aitzakia izango dute, bertan jokatuko baitira Amorotoko Pelotazaleen taldeak antolatutako XXXIV. Pala Txapelketaren finalak. Martxoan hasi ziren bikoteak pala partidak jokatzen lehen mailako zortzi bikote eta bigarren mailako hogei. Hori horrela, zapatu honetan jokatuko dira Udabirra Festerako programatutako lehen eta bigarren mailako finalak handiak.
Bigarren mailako finalarekin emango diote hasiera pala jardunaldiari, eta 16:00etan hasiko da lehen lehia. Joan den astean jokatutako final erdietan Iriondok eta Ormazabalek Amoros eta Casais garaitu zituzten, finalean euren lekua lortuz. Hala, aurreko jardunaldian Yassin G eta Xabi A kanporatu zituzten Remen eta Baltzaren aurka arituko dira txapela eskuratzeko lehian. Lehen mailari dagokionez, Pala Txapelketaren finala ikusteko hitzordua dute bertaratzen direnek. Ilusio handiz hartuko dute herritarrek partida, izan ere, lau jokalariak amorotarrak dira. Jonpuk eta Epermendik Okamika eta Zugadi kanporatu zituzten final erdietan, final handirako sailkapena lortuz. Ibanek eta Liherrek indarrak batu zituzten Belarri eta Seoane garaitzeko, zapatuko partidara bidea zabalduz. Hala, lehen mailako lehia handiko finala eskainiko dute Jonpuk eta Epermendik Iban eta Liherren aurka.
Palari etenaldia emateko, bigarren eta lehen mailako finalen artean Lea-Artibaiko afizionatuen esku pilotako partida hartuko du Amorotoko frontoiak. Bertan, Okamikak eta Arrizabalagak osatutako bikotea Albizu eta Garmendiaren aurka arituko dira afizionatuen bikote onenaren txapela jantzi ahal izateko.
Iluntzera begira ere badute zeregina amorotarrek. 20:00etan Kittu taldea ariko da frontoia eta inguruak musikaz girotzen, eta ospakizunen artean, egunari amaiera borobila ematen.
Maiatzak 23, zapatua.
13:00etatik aurrera. Txerri pintxoak eta garagardo eskaintza zabala, baita Amorotoko artisau garagardoa ere.
16:00. Amorotoko XXXIV. Pala Txapelketako bigarren mailako finala.
Ondoren. Lea-Artibaiko Afizionatuen esku pilota partida.
Ostean. Amorotoko Pala Txapelketako lehenengo mailako finala.
20:oo. Kittu musika taldea.