Dachaun hildako lekeitiar baten omenezko diru bilketa egingo dute
Aurelio Artola Iturraranen memoria berreskuratzeko informazio gunea eta herri ekimena prestatuko ditu Geuriak elkarteak.
Jokin Leniz historialari eta ikertzaileak memoria historikoa berreskuratzeko ekimen berri bati emango dio hasiera zapatuan [maiatzak 23] Lekeition. Oraindik modu ofizialean aurkeztu ez bada ere, Geuriak izeneko elkartearen lehen ekintza publikoa izango da, abiapuntua, eta helburua 36ko gerraren eta frankismoaren inguruko herriko memoria historikoa ikertzea eta ezagutaraztea izango da.
Zapatuan informazio postu txiki bat egongo da Eskolapean, eta bertan Bigarren Mundu Gerran Alemaniako Dachau kontzentrazio esparruan hildako Aurelio Artola Iturraran lekeitiarraren kasua aurkeztuko du Lenizek. Haren omenez egingo da ekimena, eta herritarren laguntza bildu nahi da, Alemanian egiten diren Stolpersteine edo oroimen plakak eskuratzeko.
Plaka horiek Europako hainbat herritan erabiltzen dira nazismoaren biktimak gogoratzeko. Latoizko xafla txikiak dira, eta pertsonaren izena, jaiotza data eta heriotzaren inguruko informazioa jasotzen dute. Geuriak elkartearen asmoa da etorkizunean Lekeitioko biktimen memoria modu ikusgarrian berreskuratzea.
Lenizek urteak daramatza 36ko gerraren eta ondorengo errepresioaren inguruko ikerketa lanean. Salamancako artxiboetan eta beste hainbat dokumentazio iturritan aritu da informazioa biltzen, eta dagoeneko ehunka datu lortu dituzte: frontean hildakoak, fusilatuak, erbesteratuak, kartzelatuak, emakume errepresaliatuak edo kontzentrazio esparruetara deportatutako lekeitarrak.
Ikerketa horren baitan topatutako kasurik esanguratsuenetako bat da, hain justu, Artolarena. 1842an jaioa, 65 urtegaz hil zuten Dachaun. Lenizen hitzetan, aurkikuntza horrek erakusten du Lekeitio ere ez zela faxismoaren errepresiotik kanpo geratu. Dokumentazioa, argazkiak eta Alemaniako fitxak erakutsiko dituzte postuan. Horrez gain, herritarrek borondatezko ekarpen ekonomikoa egiteko aukera edukiko dute, oroimen plaka hori eskuratzeko lehen diru bilketa abiatzeko.
Geuriak elkartearen sorrera ere behar horretatik etorri dela azaldu du Lenizek. Datuen babeserako legeak ikerketa lan batzuk zailtzen zituenez, egitura formal bat sortzea erabaki zuten memoria historikoaren inguruko ikerketak modu egonkorrean garatzeko. Elkartearen helburua ez da soilik izen zerrendak osatzea. Atzean dauden bizitzak eta istorioak berreskuratu nahi dituzte, herriak bere memoria kolektiboa galdu ez dezan. Horretarako, etorkizunean elkarrizketak, artxibo lanak eta omenaldiak egiteko asmoa daukate. Lenizen ustez, memoria historikoa lantzea “zor historiko bat” da herriarentzat. Gogorarazi du ehunka lekiittarrek sufritu zutela gerra, erbestea, espetxea edo deportazioa, eta askoren kasuak oraindik ezezagunak direla gaur egun.