Berriatuak aparkalekuak ahalbidetu ditu Helmugak Bizipoza Jairako
Garraio publikoz, kotxez eta furgoneta edo autokarabana bidez heltzeko eta Berriatuan aparkatzeko argibideak plazaratu ditu Helmugak Bizipoza Jaiko antolakuntzak asteburu honetarako [maiatzak 22, 23 eta 24].
Asteburuan hartuko du Berriatuak Helmugak Bizipoza Jaia. Barikuan, zapatuan eta domekan [maiatzak 22,23 eta 24] kolorez, musikaz eta elkartasunez beteko dute Lea-Artibai ekimenera bertaratzea aurreikusten duten pertsona guztiek. Hala, Berriatuara irisgarritasuna bermatzea da helburua, eta hori ahalbidetzeko, antolakuntzak herrira erosotasunez heltzeko argibideak plazaratu ditu.
Berriatuara iristeko hainbat modu egongo dira asteburuan. Kotxez datozen familia, talde edo norbanakoentzat, udalak hainbat aparkaleku jarri ditu erabilgarri; bat Cikautxon eta bi herrian. Furgoneta eta autokarabanaz datozen horiek ere lekua izango dute asteburuko jaian geratu ahal izateko. Herriko hainbat puntu egokitu dituzte gaua pasatzera datozen horientzat, hala nola, Cikautxoko aparkalekua edo futbol zelaiaren atzeko aldea. Gainera, herriak eskaintzen dituen zerbitzuak ere eskuragarri izango dituzte: tabernak, kafetegia edo supermerkatu txikia. Asteburu osoko egitaraua izanik, antolakuntzak asteburu osoa pasatzera gonbidatu du jendea.

Garraio publiko bidez gerturatzeko aukera ere badago, Bizkaibus zerbitzuko A3915 (Ondarroa Durango Bilbo) eta A3916 (Ondarroa-Ermua-Bilbo) lineen bidez. Baita Lurraldebusak eskaintzen duen DB03 (Lekeitio-Donostia) linean ere.
Modu honetan, Berriatuan batuko du jendea Helmuga Bizipoza Jaiak, “euskara, kirola, natura eta pertsonak” bateratzeko.