Mutrikuko Bandera etxera ekartzeko aukera dute etxeko taldeek
Mutrikuko 25. Bandera lortzeko lehian ariko dira zapatuan [maiatzak 23] Mutriku, Ondarroa, Isuntza eta Busturialdea.
Mutrikuko Traineren Bandera jokatuko dute zapatuan seniorren kategoriako gizonezkoen trainerek. Azken urteetako norgehiagokoetan, ez da Donostiarra garaitu duen trainerarik izan, eta 2022tik, gipuzkoarrak izan dira banderaren jabe. Usadio den horri beste norabide bat emateko 25. bandera eskuratzeko lehian murgilduko dira Mutriku, Busturialdea, Ondarroa eta Isuntza 5556 metroetan.
Zapatuan [maiatzak 23] 10:30etan hasiko da arraun jardunaldia. Erlojupekoaren lehen txandan Mutrikuko eta Busturialdeko trainerak ariko dira norgehiagoka Hibaikarekin batera. Hori horrela, Busturialdeak azken bi urteetako azken postuak atzean utzi eta hobetzea izango du helburu. Txanda berean, baina beranduago, Arkote, San Pedro eta Lapurdi lehiatuko dira. Ostean, Zumaia Zarautz eta Santurtzik emango dute ikuskizuna. Bigarren tandan izango dira Ondarroa eta Isuntza, Getaria eta San Juanen aurka. Bosgarren eta seigarren postuak eskuratu ditu Isuntzak azken bi urteetan, hala, postu hauek mantentzeko edo hobetzeko batuko dituzte indarrak. Lekeitiarren trainera baino hiru postu atzerago geratu da Ondarroa joan diren bi urteetan, eta eskualdeko kideei jarraiki, postu horiek hobetzeko lehian ariko dira. Jardunaldia Orio, Zierbena, Hondarribia eta Donostiaren arteko erlojupekoak itxiko du.
Postuak mantentzera, hobetzera eta eskualdeotan arraunak duen indarra erakustera datoz lau trainerak. Hala, etxeko taldeek bandera eskuratzeko lehian norabide berean egingo dute arraun.