Seigarren bandera etxean, harro dagoen herri bat eraiki dute Ondarroako neskek
Ondarroako neska jubenilek Espainiako Trailerillen Txapelketako bandera eskuratu dute, orain arteko denboraldi borobilari eutsiz. Isuntzak, Mutrikuk eta Mundakak ere indar erakusketa egin zuten atzo [maiatzak 24] Castro Urdialeseko uretan.
Bateletan eta Traineretan nagusi direla erakutsi dute Ondarroako neska jubenilek.Iñaki Beitia Castro Urdialesek hartu zuen atzo [maiatzak 24] Espainiako Trailerillen Txapelketa. Joan diren asteetan, etxeko taldeek indarrak erakutsi zituzten Ondarroan jokatutako Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan, eta atzo, garaipen aldia luzatzeko eta emaitza gehiago lortzeko asmoz murgildu ziren kantabriar uretan. Hala, Lea-Artibaik eta Busturialdeak Lekeitioko, Mutrikuko, Ondarroako eta Mundakako ordezkariak izan zituzten Espainiako trainerilla onenak batzen dituen txapelketan.
Neska gazteen kategorian, ondarrutarrek Hibaika, Pasai Donibaneko Koxtape eta Pedreña kantabriarrak izan zituzten aurkari. Zapatuan lehiatu zuten finalerako sailkapenean ondarrutarrak azkarrenak izan ziren 16.40,46 marka lortuz, eta emaitza hori, hurrengo egunean eskuratuko zutenaren aurrekari izango zen. 3500 metroak menderatu eta lehen postua lortu zuten ondarrutarrek 16.37,41ko denborarekin. Hibaika hiru segundura uzteaz gain, sailkapenean egindako denbora hobetzea ere lortu zuten.
Bandera esku artean, harro dagoen herri bat aurkitu zuten atzo Ondarroako neskek. Batelen txapelketak hasi zirenetik eta trainerillen denboraldia amaitu arte, sei izan dira elkarteko egoitzako atarian jarri dituzten banderak. Zaila izango da denboraldi honetan bizitakoa ahaztea, izan ere, bateletan Bizkaiko Euskadiko eta Espainiako txapeldun izan ziren. Trainerilletan bide bera jarritu zuten, eta Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako banderak herrira ekarri zituzten. Egindako lan nekaezinari esker lortutakoa ospatzeko, eta banderak goi-goian mantentzeko garaia dute orain.

Kadeteetan ere izan zuten zeresana Isuntza eta Mundakako neskek. Boiro eta Puebla arraun taldeak izan zituzten aurkari 1750 metroetako norgehiagokoan, eta Isuntzak lortu zuen bigarren postua 08.00,70 markarekin. Mundakak segundu bat baino gutxiagora pasa zuen muga, bi trainerillen arteko alde ia antzemanezinarekin. Boiroko trainerilla galiziarra izan zen lehena, lekeitiarrek bainoa 12 segundu gutxiagoko markarekin, eta Galiziatik etorritako Puebla taldekoak izan ziren azkenak. B finalean Mutrikuko neskek 08.22,19ko marka egin eta bigarren postua lortu zuten Valle de Camargo trainerilla kantabriarraren atzetik, eta etxean lehiatzen ari ziren Actividades Nauticas eta Castreña taldeen aurretik.



B finaletan jarraituz, kadeteen kategorian aritu ziren norgehiagoka Isuntza eta Mundakako mutilak, eta hirugarren eta laugarren postuak lortu zituzten, hurrenez hurren. Chapela galiziarrak eta Dustuko arraun taldeak nagusitu zitzaizkien etxekoei 1750 metroetan, hala ere, indar erakusketa handia egin zuten biek.

