Landare inbasoreak kentzeko tailerra abiatu du Ziortza-Bolibarko Udalak
Lurgaia Fundazioko teknikari batek emango ditu landare hauek era egokian kentzeko argibideak zapaturako antolatu duten tailerrean [maiatzak 30]. Bertaratzeko, herritarrek aurrez eman beharko dute izena.
Ziortza-Bolibarko Udalak landare inbasoreak kentzeko tailerra antolatu du zapaturako [maiatzak 30]. 09:30ean batuko dira Bolibarko plazan batuko dira herritarrak Ziortza-Bolibarko Landidi basora elkarrekin abiatzeko. Ingurumenarekin lotura duten gaiekiko kezka adierazi du Ziortza-Bolibarko Udalak behin baino gehiagotan. Landare inbasoreak izan dituzte hizpide azken aldian, eta horri jarraiki, panpa landare inbasoreari buruz kontzientzia sortzeko eta hori kentzen ikasteko ekimena izango da.
Udalak Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean antolatutako ekimena da asteburukoa. Akazia inbaditzailea erretiratzen aritu ziren martxoan, eta bertaratu ziren herritarrek fundazioko teknikari bat izan zuten lagun. Oraingoan ere, teknikari bat izango da azalpenak ematen eta landare hauek nola kendu behar diren esaten. Udalak adierazi duenez, garrantzitsua da tailerrera bertaratzeko izena aurretik ematea; tailer parte-hartzailea izango da, beraz, Lurgaiako tenikariak herritarrentzat beharrezko materiala ekarri ahal izango du.
Ekimenaren helburua norbanakoek panpa landarea kentzen ikastea da, hala, bakoitzak bere partzeletatik kendu ahal izango du espezie inbaditzaile hau. Udalak antolatzen dituen ekintzen bidez, “bertoko zuhaitz autoktonoei biziberritzen lagunduko diegu eta bai biodibertsitateari eta bai trantsizio ekosozialari bultzada bat emango diegu”. Ikasketa prozesuaz gain, Udala Landadi basoan egiten ari den berreskurapen lana ezagutzeko bisita ibiltaria ere izango dute herritarrek.
Herriko eta inguruetako ingurumena zaintzeko egiten diren ekintzetako bat da zapatukoa. Ingurumen asteburua antolatuko dute laster, eta horren “aurrekaria” izango dela.
Klima larrialdiari begira. Landadi Munitxei gainean kokatzen den basoa da, Muniozgurenera joateko bide ondoan dagoena eta 44.200 metro karratuko azalera duena. Arimen Gaztainadia izenaz ezaguna den baso publikoa baino pixka bat beherago dago. Udalak 2024an erosi zien jabe pribatuei aurretik zeukaten pinudia bota zutenean, eta 2025ean proiektu bat aurkeztu zuen Udalak Eusko Jaurlaritzako Ihobe programara hori berreskuratzeko.
52.000€ko proiektu bat. Ihobek 41.000€ “eskas” ematea onartu duela adierazi du udalak, hala, 11.214€ ipini beharko dituela aurreikusten du, programaren %21,48 izanik. Honekin “basoaren hazkuntza prozesua azkartu eta klima larrialdiari aurre egiteko baldintzak hobetuko ditugu Ziortza-Bolibarren”.