Zientzia eta Teknologia eguna izango du Markina-Xemeinek
Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegiak Lea-Artibaiko 250 ikasle bilduko ditu barikuan [maiatzak 29] Zientzia eta Teknologia Eguna ospatzeko.
Zientzia eta Teknologia Eguna ospatuko dute Lea-Artibaiko 250 ikasle baino gehiagok barikuan [maiatzak 29]. Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian batuko dira Lehen Hezkuntzako seigarren mailako eskualdeko ikasleak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiketan murgitzeko.
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak antolatutako ekimena da, hala, Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresek, EHUko hainbat sailek (Erizaintza eta Medikuntza, Materialak eta Komunikazio ingenieritza) eta Leartiker, Azti eta Neiker ikerketa zentroek beteko dute Atxondo kiroldegia barikuan.
Hamairu txokotan antolatu dute gunea, eta 9:30etik 14:30era egondo da zabalik ikasleentzat. Bertan, material polimeriko ezberdinekin esperimentuak burutuko dituzte ikasleek, baita lurzoruen osasuna neurtzeko parametroak aztertu edo laborategi baten muntaketan lehen urratsak eman ere. Honetaz gain,, telekomunikazio eta programazio ariketak ere egingo dituzte eskualdeko gazteek.
Talentua erakartzea helburu. Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Leartibai Fundazioarekin elkarlanean, 2018-2019 ikasturtean TALENTATU proiektua jarri zuen martxan eskualdeko ikastetxeekin, eta zenbait helburu ditu proiektuak: ZTIM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Matematikak) ikasgaiak sustatzea, eskualdeko industria nolakoa den ikustea eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera ematea. Ekintza ugari burutzen dituzte ikasleek egitasmo honen baitan, eta horren barruan sartzen da Zientzia eta Teknologia Eguna.
Proiektu honekin “eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu” nahi dute, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez “ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz”. Hau da, ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean eskualdean bertan gelditzea, hala, “kooperatibek behar dituzten perfileko langileak bertakoak izatea” bermatu nahi dute. Helburua, beraz, “talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzea” da.