"Euskerak hiztun ahaldunduak behar ditu Lea-Artibain"
UEMAren Esnatu dinamikak Lea-Artibaiko udal ordezkari eta eragileak batu zituen atzo [maiatzak 27] Markina-Xemeinen. Euskerarekiko kontzientzia, ahalduntzea, babes legala eta UEMAren lurralde estrategia izan zituzten hizpide.
Markina-Xemeingo Esperantza Aretoan batu ziren Lea-Artibaiko udal eragile eta norbanakoak. Azken urteetan eremu euskaldunenean ere euskararen egoerak atzerantz egin duela adierazi du UEMAk, eta ardura horren aurrean, eskualdeko udal ordezkariak, norbanakoak, enpresa eta kooperatibetako ordezkariak eta euskararen aldeko eragileak Markina-Xemeinen batu ziren atzo [maiatzak 27]. Eskualde bezala, Euskal Herriko arnasgune oso bakarra da Lea-Artibai gaur gaurkoz, eta izate hori babesteko euskarak behar duen ahalduntzearen eta kontzientziazioaren aldeko bilkura izan zen atzokoa. Hala, Lea-Artibain euskarak bizirik iraun dezan eragileek hartu behar dituzten konpromisoak mahaigaineratzeko eguna izan zuten.
Eremurik euskaldunena ere arriskuan ikusten du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta ondorioz, Lea-Artibaiko eragile eta norbanakoak batu eta konpromisoak hartzeko beharra ikusi dute. Euskara jasaten ari den atzerakada horri erantzuteko eta egoera iraultzen hasteko, Esnatu dinamika sortu eta hitzaldi eta foroak abiatu dituzte. Lea-Artibain jarri dute fokua oraingoan, Euskal Herriko arnasgune bakarra den eskualde honek bizirautea ahalbidetuko duten gako nagusiak aztertzeko.

Euskararen egoerari dagokionez, “alarma gorriak” piztuta daudela adierazi zuten Lea-Artibaiko udal eragileek. Ardura horren aurrean, Lea-Artibaiko udalek UEMArekin batu eta Lea-Artibaiko Euskararen Sarea sortzeko erabakia hartu dute. Euskararen beherakada irudikatzen duten aurreikuspen horiek aldatzeko “gure esku dagoen guztia” egingo dutela adierazi zuten atzoko berbaldian, izan ere, “herriko eragileen esku ere badago arnazguneak bizirik mantentzea”. “Nortasun handiko eskualde” honetan hizkuntza politikak abian jartzeko erabakia iragarri zuten, eta kontzientziazioan, erabileran, ikasleengan eta ostalaritzan eragiteko konpromisoa hartu zuten.
“Ezer aldatzen ez bada, ez da arnasgunerik existituko hamar urte barru“. Kontzientzietan eragitea da helburua, aurrikuspenak modu argian mahaigaineratu eta ardura sortzea. UEMAren enkarguz Siadeco ikerketa erakundeak egindako Proiekzio Demolinguistikoaren bitartez, Lea-Artibaiko egoera soziolinguistikoa aztertu zuten atzo June Furundarena eta Ale Goikoetxea UEMAko euskara tenikarien gidaritzapean. Proiekzioan ikusitakoari jarraiki, hiru ondorio nagusi mahaigaineratu zitzuten hizlariek: jaiotza tasaren beherakadak hizkuntzaren transmisioan ekarri duen atzerakada, gune euskaldunak izan eta erdalduntzea eta gazteen euskararen erabileraren atzerapausoak izan ziren proiekzioak argitara eman zituen errealitateak.

Arnasguneen eta udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu zuten behin eta berriz, hinkuntza batek derrigorrez behar baititu hegemonikoak diren herriak. Espazio euskaldun horiek bidean aurkitutako oztopoen aurrean, UEMAk bere lurralde estrategia aurkeztu zuen. Bertan azaldu zituzten estrategiak bere barnean hartzen dituen ideiak: Beharrezkotzat hartzen dute “lurgune euskalduna” kontzepturentzat definizio bat zehaztea eta hori legez babestea. “Euskara judizialki oztopoz beteta” dagoela eta oztopo horiek gainditzeko lege babes hori beharrezkoa dela salatu zuten. Lege proposamen honek bete beharko dituen bost irizpide aurkeztu zituzten: Hasteko, lurralde euskaldunenean ere eragitea beharrezkoa dela argitu zuten; bigarren, lurralde bakoitzaren errealitatea aztertu eta horren araberako proposamena sortu behar dela; hirugarrenak udalerri bakoitzari betebehar batzuk ezartzea zehazten du, erraztasun gehien duten lurraldeei eredu lana emanez; laugarrenak arnasguneak sendotzea eta hedatzearen aldeko ariketa planteatzen du; eta azkenak, eremuen arteko elkarreragina du oinarri, garrantzitsua baita eremu euskaldunetako hiztunek euskara kanpora eramatea eta lurgune erdaldunetatik datozenek arnasguneak euskara erabiltzeko baliatzea.
Eragileek ere badute hitza. Herritarren hausnarketek ere hartu zuten lekua berbaldian. Euskarari “balio gehigarri” bat aurkitzea beharrezkoa dela azpimarratu zuten, eta hori lortu ezean, “komunikazio tresna huts modura euskera ez dela baliagarria” izango. Honi lotuta ere, euskaraz bizitzeko erraztasuna badagoela, baina “jarrera eta kontzientzia politikoa” behar direla aipatu zuten, eta hori oinarri izanda aukeratu behar dugula euskera gure egunerokotasunean.