Munitibarren elkarretaratzea egin dute adin txikiko bati egindako erasoa salatzeko
Herritarrek, udal ordezkariek eta hezkuntza komunitateak “erasorik ez” aldarrikatu zuten atzo [maiatzak 27] herriko plazan.
Atzo [maiatzak 27], dozenaka lagun batu ziren Munitibarko plazan joan den zapatuan adin txikiko pertsona batek jasandako erasoa gaitzesteko eta biktimari elkartasuna adierazteko. Herritarrek, udal ordezkariek eta hezkuntza komunitateko kideek parte hartu zuten kontzentrazioan, indarkeria mota guztien aurrean herriaren gaitzespena agerian uzteko.
Mobilizazioan herritarrek prestatutako adierazpena irakurri zuten. Bertan, maiatzaren 23an herriko jai giroan gertatutako erasoa “argi eta irmo” salatu zuten, eta oso larritzat jo zuten adin txikiko pertsona baten aurkako indarkeria kasua izatea.
Irakurritako testuan azpimarratu zuten ez dutela onartuko “inoren askatasuna, segurtasuna eta duintasuna urratzen duen jokabiderik”, eta gogorarazi zuten gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat. Horregatik, komunitate gisa erantzuteko eta ardura kolektiboz jokatzeko beharra nabarmendu zuten.

Halaber, herri eta espazio seguruak eraikitzearen garrantzia aldarrikatu zuten, bereziki haur eta gazteen segurtasuna eta ongizatea erdigunean jarriz. “Gure herriak elkar zaintzan, errespetuan eta askatasunean oinarritutako espazio seguru eta feministak behar ditu”, adierazi zuten.
Kontzentrazioan zehar, erasoa jasan duen pertsonari eta haren ingurukoei babesa, maitasuna eta elkartasuna helarazi zizkieten. Era berean, herritarrei dei egin zieten egoera hauen aurrean isilik ez geratzeko eta prebentzio, zaintza eta erantzun mekanismoak indartzen jarraitzeko.
Amaitzeko, mezu argia zabaldu zuten plazan bildutakoek: “Munitibarren argi eta ozen diogu ez dugula inolako erasorik onartzen. Erasorik ez erantzunik gabe”.