Herri txikietatik frontoi handiak betetzera
Munitibarko frontoian pilota hotsak entzutea ohiko bihurtu da azken urteetan. Herriko haurrek herrian pilotan aritzeko aukera badutela adierazten duten hotsak dira, hala ere, gazteak dira hots horiek. Herriko haur eta gazteak herrian geratu ahal izateko, duela hamazazpi urte sortu zen Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartea.
Aldai, Arrizabalaga, Albizu, Gaminde eta Galdos, Munduko TxapelketanLea Ibarra Motrollo Eskupilotan, palan edo zesta-puntan jokatzeko Markina-Xemeinera joateko beharra izan dute, urte luzez, Lea Ibarreko haur eta gazte askok. Herrietan zegoen hutsune bat agerian geratu eta irtenbide bat aurkitzeko lan egin zuten guraso batzuek. Pilota eskola bat sortzeari ekin zioten orduan, eta gaur-gaurkoz, Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarko gazteei pilotan jokatzeko aukera ematen jarraitzen du elkarteak.
30 ume eta 20 nagusi dira Munitibarko frontoian entrenatzen aritzen direnak, eta herrian edo etxetik hurbil, maite duten kirolean eta giro onean aritzeko aukera dutenak. Zifra itxaropentsuak badira ere, ohikoa izaten da lurralde txikietako talde, eragile edo norbanakoek begirada etorkizunean jarrita izatea. Bizirauteko nahiak taldeagaz harremana daukan edozeinengan lana eta ardura dakar askotan. Txikitatik taldean sartu eta heltzen ari den gazte horrengan, haurrak hazten ikusi dituzten entrenatzaileengan edota taldearen sorreraren lekuko izan ziren guraso horiengan.
Elkartea sortu zuten garaian, gaur egun baino jokalari gehiago zeuden taldean. Zaila izaten ohi da DBH ikasten ari diren gaztetxoak taldean mantentzea eta jokatzen jarraitzea, edo mutil eta nesken kopuruari dagokionez, arrakala hori desagerraraztea. Mutilak erakartzea gaitza izaten bada, are gaitzagoa da taldeko kideentzat neskak erakartzea eta mantentzea.
Sorrerara itzuliz, nesken pala taldea gogoratzen dute askok, urte batzuetan bizirik egon ostean, desegin zena. Emakumeen pala talde barik egon da Lea Ibarra Motrollo denboraldi batez; hala ere, txapelketak sortzearen garrantzia agerian utzi du Emakume Master Cup txapelketak. Horren harira, emakumeen pala taldea bueltan da Munitibarren, eta hamar palista baino gehiago dira.
Herriarengandik jasotako erantzun ona ere nabarmentzekoa izaten da. Esku pilotako Bizkaiko Txapelketa antolatzen du Lea Ibarra Motrollok, eta denboraldia hastean, frontoira hurbiltzea barikuetako ohitura bihurtu da herritar askorentzat. Hala, erantzun hori jasotzen duten bitartean lanean jarraitzeak merezi duela sentitzen dute taldeko eragileek.
Herri txikietako frontoietan hasi eta pilotakadaz pilotakada, mundu mailarako bidea zabaldu die zenbait pilotariri Lea Ibarra Motrollo elkarteak. Munduko Txapelketan egon zen Euskal Selekzioa, eta 22 jokalarietatik bost, Munitibarko elkartekoak izan ziren. Onintza Galdosek, Enara Gamindek, Olatz Arrizabalagak, Kepa Albizuk eta Amaia Aldaik zazpi probintziak ordezkatu zituzten Argentinan. Esperientzia ahaztezin hura gorde-gordeta dute bost jokalariek. Zortzi urrezko domina ekarri zituzten selekziokideek, hala ere, aldarri argi bategaz jokatzea izan zen eurentzat benetako ohorea. Euskal Herria ordezkatzen aritu ziren Lea Ibarra Motrolloko jokalariak, eta dominak lortzea baino zerbait gehiago egin zuten ozeanoaren beste aldean.
Mundu osoko jokalarien miresmena lortu zuten Galdosek, Gamindek, Arrizabalagak, Albizuk eta Aldaik. Mundua begira izanda ere, Munitibarko umeentzat erreferente izatea da lorpen handiena. Eurekin frontoia partekatzen duten haurrek ikusi zuten herri txiki batetik etorrita ere, mundu mailan lehiatzera heldu zaitezkeela eta Argentinan lehiatu zuten horiek eurek datozen toki txiki bezain handi beretik datozela.

Lea Ibarra Motrolloko jokalariak. Argazkia: Lea Ibarra motrollo