Begirada konplizeak eta alaitasuna, Mutrikuko Erromeri Egunean
Gure Ametsa dantza taldearen urteroko hitzorduarekin bat eginda, hasiberriek eta beteranoek dantzaz bete dituzte Beheko eta Goiko Plaza.
Mutrikuko Erromeri Eguna 2026 Hankak astinduz eta begirada konplizez gainezka. Horrela joan da gaurko [maiatzak 30] Erromeri Eguna Mutrikun. 12:00etarako zeukaten hitzordua jarrita Beheko Plazan dantzari eta txistulariek, Gure Ametsa dantza taldearen ekimenez.
Hasiberriek eta beteranoek, guztiek bat eginda hartu dute dantza eremua. Lehenengoz plazara atera direnek edo aspaldi atera gabeek hasierako urduritasunari aurre egin behar izan diote, baina Beheko Plazaren testuinguruan ondo baino hobeto moldatu dira, inguruan zituzten ikus-entzuleen babesean.
Goiko Plaza izan da erromeriaren hurrengo testigua, “errespetu handiagoa” ematen duen agertokia, hasiberriek aitortu dutenez. Arin-arina, fandangoa, jauziak edota Larrain dantza egin dituzte bazkaltzera joan aurretik, ikus-entzulez inguratuta eta txalo artean.

Larrain dantza egin dute Goiko Plazan.
Bazkaritan jarraitu du Erromeri Egunak. 90 lagun inguru bildu dira Egañaneko frontoian; eta egunak aurrera egin ahala, ohi bezala, herritar gehiago batu dira ekimenera. Arratsaldeak Kittu taldeaen doinuak ekarri ditu.
Balorazio ona. Gure Ametsa dantza taldeko partaideak pozik agertu dira hitzorduak izan duen erantzunagaz: “Urtero sortzen da hasiberrien taldea. aurten, 20 bat laguneko taldea aritu da Erromeri Egun aurreko entseguetan. Kopuru polita da”.