Bertoko basoa berreskuratzen jarraitzen dute Ziortza-Bolibarren
Lurgaia Fundazioko Sergio Gallego Mazariasen irakasgaiei jarraituz, panpa belarrak eta beste landare inbaditzaile batzuk kentzen aritu dira Ziortza-Bolibarko Urasandin eta Landadi basoan.
Lurgaia Fundazioaren tailerrean parte hartu dutenak, Landadin. Sergio Gallego Mazarias Lurgaia Fundazioko kidearen gidaritzapean, landare inbaditzaileak zelan kendu ikasteko tailerrean batu dira gaur [maiatzak 30], Ziortza-Bolibarren. 09:30ak puntu-puntuan plazan elkartuta, Urasandira lehenengo eta Landadi basora joan dira ondoren.
Errekaren bestaldean geldialdia eginda, lehen panpa belarra kentzeari ekin diote. Zauririk ez egiteko eskularruak jantzita, aitzurra eta pala baliatu dituzte Euskal Herrian urterik urte gehitzen doan Amerikako espezie inbaditzailea kentzeko. Ezin izan dute guztia kendu, eta, horrenbestez, hemendik aurrera mozten jarraitu beharko dute. “Txikiagoa izan balitz, lortuko genuen indarrez kentzea, lurrari oso errotuta egoten den espeziea da-eta panpa belarra”.

Panpa belarra kentzen aritu dira Urasandin.
Autoz Landadira joan dira ondoren, Ziortza-Bolibarko Udala eta Lurgaia elkarlanean berreskuratzen ari diren basora. Pinudiaren bestaldean, Arimen Gaztañadia, orain dela hogei urte Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera udalak berreskuratu zuen zoru publikoa. “Guk daukagu plana Markola erreka babesteko korridore ekologiko bat osatzen joatea, bertoko zuhaitzekin. Dinamika horretan sartzea gurako genuke jabe pribatuak ere”, azaldu du Andoni Lariz udalerriko alkateak.
Gallegok, bide beretik, beharrezkotzat jo du erakundeen inplikazioa basoak bertokotzen joateko. Eta Ziortza-Bolibarko Udalagaz egindako elkarlana eskertu du. “Lauzpabost urte daramatzagu elkarlanean. Honetan sinisten duten pertsonak aurkitzea garrantzitsua da”. Ildo beretik, “ezinbestekotzat” jo du bide horretan ingurumenarekiko sentsibilitatea daukaten politikariak eta teknikariak aurkitzea.