Isuntza eta Ondarroa, ur gaineko indar erakustaldian
Bizkaiko Trainera Txapelketa hartu zuen atzo [maiatzak 31] Lekeitiok. Isuntzako absolutuen kategoriako gizonek bigarren postua eskuratu zuten, eta Ondarroako kategoria bereko emakumezkoek indar erakustaldia egin. Egun berean hartu du Getariak Gipuzkoako Trainera Txapelketa, eta Mutrikuko gizonak aritu dira bertan.
Ondarroako emakumeek hirugarren postua eskuratu zuten.Iñaki Beitia Ikuskizun handia eskaini zuten atzo [maiatzak 31] Bizkaiko eta Gipuzkoako Trainera Txapelketek. Itsasora begira izan ziren arraunaren zaleak, Lekeitioko eta Getariako uretan jokatzen ari ziren banderen lehia hurbiletik jarraitzeko.
Beteranoen kategoriako traineren lehia izan zen jardunaldiari hasiera eman ziona 10:30ean. Bilboko Tigreak eta Itsasoko Ama aritu ziren trainera mixtoetan, eta bilbotarrak izan ziren garaile kategoriako lehen txandan 11.46,37ko markarekin, Santurtziko trainera 12.01,61eko markarekin atzean utziz. Ohorezko txandan lehiatu zuen Mundakako trainerak. Busturialdeko beteranoak Getxorekin oso parekatuta aritu ziren lehen ziabogarako luzean, atzetik Iberia zuten, eta bigarren kaleko Plentziako trainera izan zen luzearen hasieran atzean geratu zena. Lau segundoko aldeagaz, lehen ziabogak agerian utzi zuen mundakarrak zirela buru. Bigarren luzearen erdian Mundakarrek alde nabarmena ateratzea lortu zuten, hala ere, handicapak kontuan hartuta, sei segunduko aldea atera behar zioten Getxori estropada irabazteko. Azken olatuak aprobetxatuz eta amaierara arte estutuz, 2.778 metroak eurenganatu eta hainbeste borrokatutako aldea lortu zuten mundakarrek. 10.47,27ko denboran gurutzatu zuten helmuga, getxoztarrak 10.54,40ko denboragaz atzean utziz.

Bizkaiko bandera astindu zuten mundakarrek.Bermeo Arraun Argazkiak
Beteranoek amaitu orduko hasi zen absolutoen kategoriako emakumeen lehia. Lehen txandan Isuntza eta Portugalete aritu ziren 2.778 metroetan. Etxeko taldea estropada buru jarri zen hasierako metroetan, eta Portugaleteko trainera baino 47 segundu lehenago heldu ziren lehen ziabogara. Lekeitiarrak trebe agertu ziren olatuek zaildu zuten biraketan, eta alde handiarekin egin zuten estropadako azken luzea. 12.18,59ko denboran gurutzatu zuten helmuga, Portugaleteren 13.34,26ko markaren aurretik. Bigarren txandan aritu ziren Ondarroako neskak Deustu eta Kaikuren aurka. Hirugarren kalea zuten ondarrutarrek, eta taldeak indar erakusketa egin bazuen ere, ez zen nahikoa izan lehen ziabogako biraketa Kaikuren eta Deusturen aurretik egiteko. Bigarren lerroan aurrea hartu zuten sestaotarrek, eta ondarrutarrak deusturen aurkako lehia gogorrean zeudan sartuta. Azkenengo palada eman eta 11.53,58ko markarekin amaitu zuen estropada Kaikuk. Ondarrutarrek ez zuten Deusturen aurkakko borroka gainditu, eta hirugarren egin zuten 12.02,41eko markarekin. Denborak berrikusita, emakumeen absolutuen kategorian Ondarroak hirugarren postua bereganatu zuen, eta laugarrena, Isuntzak.

Isuntzako emakumeak.Bermeo Arraun Argazkiak

Ondarroako emakumeak estropadan.Iñaki Beitia
Emakumezkoen estropadak amaituta, absolutoen kategoriako gizonezkoen lehenengo txanda hartu zuen Lekeitiok. Elantxobeko trainera Lutxana eta Portugaleteren aurka aritu zen 5.556 metroetan. Busturialdeko taldeak aurrea hartu zuen lehen metroetan, eta Lutxana atzean utzita, Portugaleteren auka izan zuten lehia. Lehen ziabogako lehen biraketa oso parekatua izan zen, hala ere, Portugaletek abantaila hartzeko baliatu zuen bigarren luzea. Hirugarren eta laugarren luzeetan Portugalete alde nabarmenarekin izan zen txanda buru, eta aldaketarik barik, lehen postua eskuratu zuten 22.49,32ko markagaz. Txandako bigarren denborarik onena elantxobetarrentzat izan zen, 23.14,14ko denboragaz. Ohorezko txandan Bizkaiko bandera lortzeko lehian aritu ziren Ondarroa, Isuntza, Bermeo eta Zierbena. Ondarrutarrak atzean garatzen hasi ziren lehen metroetan eta bandera irabaztetik asko aldendu ziren lehen luzean. Isuntzak eta Zierbenak guztiz parekatuta egin zuten lehen biraketa, eta gutxigatik bazen ere, Bermeo jarri zen estropada buru. Lehen postuan amaitu zuen Busturialdeko trainerak, 21.00,37ko markagaz eta abantaila handiagaz. Laugarren luze horrek ekarri zuen ikuskizuna, eta Isuntzak, sorpresa. Etxeko taldea ez zen inola ere atzean geratu, eta Zierbena txapelketako faborito bazen ere, lekeitiarrek segundu bat gutxiago behar izan zuten helmuga gurutzatzeko [21.23,42].
Kulixka ontziak zain zituen irabazleak, eta betan hartu zituzten Mundakako beteranoek eta Bermeoko gizonezkoek Bizkaiko txapeldun egingo zituen banderak.

Bermeoko gizonek astindu zuten Bizkaiko bandera.Bermeo Arraun Argazkiak

Ondarrutarrak Bizkaiko txapelketan.Iñaki Beitia

Elantxobeko trainera, irten aurretik.Bermeo Arraun Argazkiak

Bermeotarrak absolutuen kategorian.Bermeo Arraun Argazkiak
Mutriku ere absoluto kategorian aritu zen Getariako uretan. Gizpuzkoako Trainera Txapelketako sailkapenean azken postuan geratu ziren mutrikuarrak, Hibaika eta San Pedroren aurkako lehen txandan 23.07,63ko marka lortu ostean. Joan den astean Mutrikuko Bandera astindu ostean, oraingoan ere, Orioko gizonek eskuratu zuten Gipuzkoakoa. Emakumeetan, Donostia Arraun Lagunak izan ziren nagusi.