Eskatz Okerra Egunak Markina-Xemeingo kale eta bazterrak hartuko ditu
Eskatza Arte Espazioak eta Okerra kolektiboak egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako [ekainak 6], sormena eta diziplinartekotasuna erakarri eta bultzatzeko helburuagaz.
Eskatza Arte Espazioak sormenez eta musikaz betetako inaugurazio ekitaldia izango du zapatuan [ekainak 6]. Arte espazioa kalera ateratzeko egun osoko ekimena antolatu dute, eta urteurrena ospatzen ari den Okerra kolektiboarekin elkarlanean, “sormenez eta musikaz” betetako Eskatz Okerra Eguna antolatu dute. Herriko kultur ekosistema bizirik mantentzeko lanean dihardute kolektibo biek, eta euren arteko elkarlanaren isla izango da zapaturako antolatu duten egun osoko egitaraua. Hala, argi utzi nahi dute Eskatza ez dela espazio isolatu bat, eta herrira arterako direla artea sortzeko eta bultzatzeko asmoz.
11:30ean ZZE maskara tailerrarekin hasiko dute eguna. Zuk Zeuk Ein zure personajie! lelopean, adin guztietako sortzaileei zuzendutako tailerra izango da, egun guztian erabiliko duten maskara egiteko aukera zabalduko duena. 14:30ean bazkarian batuko dira, eta 16:30ean bazkalostea girotuko dute Aiza eta Olatz ondarrutarrek. Arratsaldean sartuta, 18:00etan House of Basqueers Kultur Elkarteak kalejira performatiboa eskainiko du herritar guztientzat Okerra kaletik hasita. Diziplinartekotasunaren erakusle handiena izango da 19:10ean zabalduko duten Eskatza Arte Espazioaren erakusketa. Arte eskola izango da pintura, collage, eskulan eta ikus-entzunezko piezen elkargune. Okerrak izanog du musika eskaintzaren ardura, eta pintxo pintxada antolatu dute 20:00etan, nahi duenak bere biniloak ekarri eta musikaz gozatzeko. 22:00etan hasiko dira kontzertuak Akerbeltz gaztetxean; Giantek eta Galderrek zuzenekoak eskainiko dituzte, eta ostean, DJ Matrik girotuko du gaua.
Diziplinartekotasuna helburu. Markina-Xemeinen betidanik egon den arte eskolaren ondorengoa da Eskatza Arte Espazioa, herriko belaunaldi askok ezagutu duten eskolaren jarraipena. Jarraipen hori aldaketa askorekin etorri dela aitortu dute espazioko eragileek, izan ere, eskolak eman eta hartzetik haratago joan da Eskatza. Hala, bertaratzen direnak ez dira soilik ikasle eta irakasleak; arte espazioko eragile dira. Arte eskaintzari buruzko hausnarketa egin eta beste behar batzuk sortu dira espazioan. “Diziplinartekotasuna bultzatzeko helburuagaz” ari dira lanean, eta zapatuko ekimenak arte mota guztietako jendea batzea izango du helburu.
Zapatuko ekimena herrira zabaltzeko modu bat dela azaldu dute eragileek: “Herriak ulertu dezala edonor hartzen duen espazio bat dela, denontzat zabalik dagoela eta helburua artea sortzea eta bultzatzea dela”. Hala, herri mailako arterako topagune bat izango da, “betiko arte eskolarik haratagoko zeozer” egiteko lehen pausua izango dena. Markina-Xemein kultura arloan eragile asko dituen herri bat dela adierazi dute antolatzaileek, kulturarekiko “interesa eta zaletasuna” argi erakutsi eta horren alde egiten duena. “Zaletasun horretatik sortzera pausu txiki bat dagoela” adierazi dute, beraz, arte eskolara jaoteko deia egiten die artearekin zerikusia duten sortzaile edo zaleei, eta sortzen ez badute ere, “arte ikuspuntu batetik militatzeko” modua izan daitekeela.