Zabalik dago Karmen Jaietako danborradako izen ematea
Karmen Jaien baitan, danborrada antolatu dute uztailaren 15erako. Haur eta nagusiek izena emateko aukera izango dute domekara arte [ekainak 7].
Beste urte batez, Markina-Xemeingo Batetaratze Guraso Elkarteak danborrada antolatu du Karmen Jaietarako. Uztailaren 15ean, 21:00etan, herria danbor hotsez betetzea da helburua, eta hori lortzeko, izena emateko deialdia zabaldu dute. Haur eta nagusiek izango dute parte hartzeko aukera, eta izena emateko epea domekara arte [ekainak 7] egongo da zabalik.
Haur hezkuntzako bost urteko umeetatik hasita eta DBHra arte, ikastetxeetatik bidalitako galdetegiaren bidez eman beharko dute izena. Nagusiek edo herrikoak ez diren umeek ere izango dute parte hartzeko aukera, Batetaratze Guraso Elkarteak zabaldutako QR bidez edo Kareaga dendan aurrez abisatuz.
Egun handia prestatzeko, entseguak egingo dituzte jaiak hasi baino lehen. Uztailaren 7an, 8an, 9an, 13an eta 14an batuko dira danborrak berotzen hasteko.