Goi mailako estropadak hartuko ditu Lekeitiok
Emakumeen Lekeitioko 15. Bandera jokatuko du Isuntzak zapatuan [ekainak 6], eta Gizonen 47. Bandera lortzeko lehian ariko dira Mutriku, Ondarroa eta Isuntza.
Joan den astean Bizkaiko Traineru Txapelketa hartu ostean, Emakumeen Lekeitioko 15. Ikurrina eta Gizonezkoen 47. Ikurrina jokatuko dituzte zapatuan [ekainak 6] Lekeitioko uretan. 10:30ean hasiko dira Isuntza Arraun
Elkarteak antolatutako estropadak, eta 26 izango dira goi mailako lehian ariko diren traineruak; 10 emakumezkoetan, eta 16 gizonezkoetan. Isuntza izango da emakumezkoen eskualdeko traineru bakarra. Gizonetan, aldiz, Mutriku, Ondarroa eta Isuntza izango dira ur gaineko borrokan.
Emakumeen estropadarekin hasiko dute jardunaldia, bi luze eta ziaboga batera izango dena. Emakumeen tripulazioz osatutako traineruak txanda bitan ariko dira: Lehen txandan Deusto, Isuntza eta Portugalete ariko dira erlojuaren kontra. Erlojupekoan ariko dira Hondarribia, Zarautz eta Kaiku ere. Bigarren txanda lerrokatutakoa izango da, eta Tolsaldea, Orio, Zumaia eta Hibaika ariko dira aurrez aurre.
Gizonezkoen estropadaren luzera 5.556 metrokoa izango da, hiru txandatan, lau luze eta hiru ziaboga betez. Lehen txanda erlojupekoa izango da, binakako estropadetan: Deusto B eta Mutriku; Busturialdea eta Postugalete; Arkote eta Hibaika; eta Deusto eta Hondarribia B. Ostean, lerrokatuta ariko dira bigarren eta hirugarren txandetan. Bigarrenean, Kaiku, Zarautz, Lapurdi eta Zumaia ariko dira norgehiagoka. Hirugarrenean, Orio, Isuntza, San Juan eta Ondarroa.
Kaleen zozketa egunean bertan egingo da, 09:30ean deitu duten ordezkarien bileran.